Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Herenegun Altsasuko Udalak ETA gaitzetsi eta baldintzarik gabe desagertzea eskatuz mozioa onartu zuen. PPk aurkeztu zuen mozioa eta haren alde egin zuten PSNk, IUk eta UPNk. NaBaik kontra bozkatu zuen eta Bilduk ez zuen bozketan parte hartu. Asteazkeneko plenoan NaBai alderdi guztien artean testua adosteko proposamena egin zuen, "egokiagoa" zelakoan eta "ahalik eta babesik zabalena lortze aldera eta herritarren islarik egokiena izan dadin". NaBaik salatu egin du "hain berezia den indarkeriaren eta biktimen errekonozimenduaren gaian, PPk erabilera alderdikoia egin nahi izatea eta indarkeria batez eta biktima batzuez bakarrik aritu izana. Horixe da biktimei egin dakieken minik handiena".Altsasuko NaBaik mozio horren kontura PPri "arduragabekeria" leporatu dio eta indarkeriaren erabilera alderdikoia egitea egotzi. Horrekin batera, gaitzespen testu bat adostu nahi ez izatea leporatu die popularrei. Altsasuko NaBaik jarrera alderdikoi hori baztertzeko eta adibide bezala har dezala arlo horretan Eusko Legebiltzarrean egindakoa: "talde guztien babesarekin biktima guztien errekonozimendua egiteko ekimenak onartu izan dira".NaBaik, bestalde, ezadostasuna agertu du Bilduk "bere funtzioekiko egin duen utzikeriagatik eta biktima batzuk bakarrik errekonozitzen dituen mozioak aurrera egin dezan utzi duelako". Aldi berean, NaBairen iritziz, "Bilduk ere ezin dio uko egin bere ardurei, herritarren ordezkari diren aldetik, eta bozketan parte hartzeari uko egin. Jarrera horrekin lortu duten bakarra da onartu den testuak ez aitortzea biktima guztiak, eta horrek ez dio inongo ekarpenik egiten ez bakeari, ez normalizazioari ezta herri honen gehiengoaren nahiari ere".