Bihar arratsaldean zirko karpa erraldoiaren itxura hartuko du Altsasuko Iortia kultur gune aurreko zabalguneak. Musika, oreka, malabareak, umorea eta musika jaun eta jabe izanen dira. Beste behin ere, Ezin zailagoa! jaialdiak zirkoaren magia ekarriko du Altsasura. Zirko ibiltariak Uharte-Iruñean hasi zuen ibilbidea agorrilaren 25ean. Tutera, Viana eta Azagratik pasa ondoren, Altsasun amaituko du bidaia miragarria. Nafarroako 10. Zirko Jaialdiak aurkezle berezia izanen du: Zirika Zirkus taldeko Pantxika. Pailazo ezagunak Pai taldearen Chirivi ikuskizunari eginen dio lekua. 18:10etik aurrera Iortia plaza dantzan jarriko dutela iragarri dute. Ondoren, 19:30 aldera Nils taldeak hartuko du txanda. NilyNils Show ikuskizun zoragarri eta sinestezina eskainiko dute. Iltzeak, pilotak, labanak, sagarrak... edozein tresna baliagarria da oreka jolas eta malabareak egiteko. Azkenik, 21:45 aldera Zahir Circo taldeak energiaz beteriko Glo Show ikuskizuna eskainiko du. Akrobazia, oreka eta umorea izanen dira nagusi. Zirika Zirkus taldeko Pantxikak agurtuko du emanaldia 21:30 aldera.