Merida eta Setubal altsasuarren bihotzean

Guaixe 2011ko irailaren 6a

Erkudengo Ama abesbatzak kantuan jarraitu du udako oporretan. Altsasuarrek Extremadurako eta Portugalerako bidea hartu zuten uztailaren 31n. Bertan pasatu zuten abuztuko lehen astea. Bi kontzertu arrakastatsu eskaini zituzten eta, nola ez, txoko zoragarriak ezagutzeko aukera ere izan zuten.  Merida (Badajoz) izan zen altsasuarren lehen helmuga. Erkudengo Ama abesbatzaren kontzertuak leporaino bete zuen hiri ezaguneko Paradore Nazionala. "Harrera paregabea izan zen" azaldu zuen Edurne Amillanok Beleixe irratian (FM 107,3). Tokiaren akustikak eta giroak lagunduta, kontzertu ederra eskaini zuten. Bereziki arrakastatsuak izan ziren Extremadurako abestiak. "Bisitatzen ditugun herriei horrelako keinuak egiten saiatzen gara. Bestelakoak, euskal folklorea izan zen nagusi" adierazi zuen Edurne Amillanok. Aipagarria da ikusleen artean aurpegi ezagunak ageri zirela. Extremaduran oporretan zeuden zenbait altsasuarrek ez zuten galdu nahi izan etxekoen emanaldia. Bi egunen ondoren, Extremadura atzean utzi eta Portugalgo Setubalera joan ziren. Hiria festetan aurkitu zuten eta ferialekua ekitaldiz beteta zuten. Egitarau zabalean lekua egin zioten Altsasuko abesbatzari. "Lekua irekia zen eta eguraldiak ez zuen gehiegi lagundu. Egoerara egokitu eta ahalik eta hoberen abestu genuen" zioten abeslariek. Biziki eskertu zuten hotza gainditzen lagundu zien afaria. Lanak eginda, altsasuarrek toki berriak ezagutu eta bertako bizilagunekin hartu-emanak izateko aukera izan zuten. Toki zoragarriak ezagutu dituzte: Merida eta bertako historia aberatsa, Portugalgo Lisboa eta inguru ederrak, Fatima eta abar. Bisitatu dituzten lekuetan ahots ederren aztarna utzi dute. Aipagarri da Maripi Larrea Meridako antzoki zaharrean abestutako jotaren arrakasta. "Irratirako elkarrizketa eta guzti egin zidaten" esan zigun. Lanera Aste honetan itzuli da lanera Altsasuko Erkudengo Ama abesbatza. Bidaiek taldean sortu ohi duten giro goxoak lagunduta, gogotsu hasi dira. "Abeslariak aldarte onean biltzen gara. Guztiek ere abestea gustuko dugu eta horrek batzen gaitu" adierazi du Edurne Amillanok Sakanako irratian (FM 107,3). Altsasuko abesbatzak ateak zabalik dituela esanez agurtu da.