Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Historian 75 urte atzera egin zuela ematen zuen Altsasuk larunbatean. Foru plazako Gure Etxea eraikineko lehenengo solairuko balkoia Espainiako banderarekin jantzita esnatu zen eta nonahi estatuko eta Foru Erkidegoko segurtasun indarrak ikus zitezkeen: Guardia Zibila, Foruzaingoa, Polizia Nazionala... legionarioen batailoi bat eta guzti. Musika banda militarraren doinuei jarraituz Erregearen aurrean desfilatu zuten guztiek; eta herrian barna hainbat saio egin zituzten: segurtasun indarren arteko bizkortasun eta punteria lehiaketa, kasu. Erregeak bukaeran emandako hitzaldian segurtasun indar guztien lana zorroztasunez betetzeagatik eskerrak eman zizkien. Parodia guztia umore onean gauzatu zen, baina aldarrikapen eta salaketak ere ez ziren faltatu. Ibilbidean zehar "Alde Hemendik" zioen pankarta handi bat zintzilikatu zuten. Eta ekitaldia despeditzeko komunikatu bat irakurri zuten eta segurtasun indarrek azken hilabeteotan jarritako "demasako isunak" salatu zituzten. Egunaren helburuetako bat zen bildutako diruarekin isunak ordaintzea, horretarako antolatu zen besteak beste, herri bazkaria.