Malabare eta oreka festa

Guaixe 2011ko irailaren 5a

Larunbat arratsaldean triste zegoen zerua Altsasu gainean eta euri tanta batzuk ere erori ziren hodei grisetatik. Baina eguraldia ez zituen izutu Ezin zailagoa! Nafarroako Zirko Jaialdiko pailazo, trapezista eta malabaristak, ezta Sakanako zirkozaleak ere. Arratsaldeko lehen ordutik haur, gazte eta helduz bete zen Iortia kultur gune aurreko zabalgunea. Zirika Zirkus taldeko Pantxikak eman zion hasiera jaialdiari Pai taldearen ikuskizuna aurkeztuz. Nils taldeak hartu zuen txanda. Euri mehatxuaren babesean, Iortia kultur gune barruan eskaini zuten ikuskizun ederra. Jaialdiari amaiera emateko, Zhair Circo talde malabarista iaioak gau iluna argitu zuen ikuskizun koloretsuarekin. Sakandarrek Zorionak, zuri! abestuz agurtu zuten Nafarroako 10. Zirko Jaialdia, datorren urtera arte.