Jone Pelaez altsasuarra pozik Mont Blanc-etik bueltan

Guaixe 2011ko irailaren 9a

Agorrilaren 28an izan zen 2011ko Montblanckeko ultra trailaren edizioa historiara pasako da egindako eguraldi txarragatik, elur eta euri jasak, eta baita ibilbide alternatiboaren gogortasunagatik ere, 170km+9700m-ko desnibelekoa. Honen ondorioz, korrikalarien %49k bakarrik lortu zuen helmugara iristea, horien artean Jone Pelaez altsasuarra.Lasterketa orain arteko korrikalari kopuru handienarekin hasi zen, baita Chamonixeko irteeran ari zuen euri jasarekin ere. Eta behin probari hasiera emanda, esperotako Salomon eta The North Face taldeen arteko norgehiagoka lekua hartzen joan zen.Emakumezkoen lasterketa North Face taldeko Lizzy Hawker izan zen nagusi hasieratik. Irteeratik bere 4. garaipena lortzeko intentzioarekin atera zen, eta Frantziako aldetik jada lehen postuan kokatu zen; lasterketa bikaina egin zuen eta sailkapen orokorrean 13. kokatu zen (25h02m). Atzetik Salomon taldeko Nerea Martinez nafarra 2. emakumezkoa izan zen, eta 25. sailkapen orokorrean (27h55m) eta hirugarren Pearl Izumi taldeko Darcy Africa amerikarra sailkatu zen (28h30m).Jone Pelaezek 16. postua lortu zuen emakumezkoen artean eta 5.a beteranoen artean. Sailkapen orokorrean 278. gelditu zen 37h41m-ko denbora lortuz. Pozteko moduko postua, kontuan hartzen bada 1131 izan zirela helmugara iritsi ziren korrikalariak eta beste hainbeste erretiratu behar izan zirenak.Gizonezkoen lasterketan Salomon taldeko Kilian Jornet, Migel Heras eta Iker Karrera gipuzkoarrak  beren erritmoa markatzen joan ziren eta hasiera batean, North Face taldeko Sebastian Chaigneauk bakarrik jarraitu ahal izan zien. Kilometroak, portuak eta mendixkak pasatzen joan ziren, eta Salomon taldeko hirurak aurrean jarraitzen zuten; baina Trientetik (Suitza) pasatzean, helmugatik 30 kilometrora, Migel Heras erretiratu egin behar izan zen, belaunean zuen minagatik, eta atzetik zetorren Seb Chaigneau frantsesak helmugara 3. postuan iristea lortu zuen. Kilian eta Ikerren arteko norgehiagokan Kilianek irabazi zuen, eta beste errekor bat ezarri zuen, 20h36m; gipuzkoarra 9 minutu beranduago sartu zen. Hirugarren Chaigneau izan zen 20h55m eginez.