Altsasuko erraldoiak estalpean gordeta egon dira azkenaldian. 2002an atseden hartu zuen ordura arte indarrean zegoen konpartsak. Geroztik altsasuarrek festetan erraldoiak kalera ateratzeari utzi diote. Altsasuko peñek haien falta sumatzen zuten eta horregatik erraldoien dantzak ikasteko ikastaroa antolatu zuten. Deia egin zuen uztailean eta, ahoz ahoko bultzadak lagunduta, 9 altsasuar animatu dira ikastarora. Abuztuan astean bitan elkartu dira erraldoien dantzak ikasteko. Josu Genberen esanak jarraituz irailaren 13an eta 17an dantzara ateratzeko prest daude. Azkeneko urteetan ez bezala, festa bezperan eta festen azken egunean Momotxorro, Sorgina eta bi errege beltzak kalera aterako dira. Ikasle onak Altsasuko erraldoiek 2008ko festetan dantzatu zuten azken aldiz. Iruñerriko Erraldoi elkarteko kideek eman zieten bizia erraldoiei. Hain zuzen, elkarteko kide batek eman du ikastaroa, Josu Genbek. Burlatako eta Iruñeko erraldoien konpartsako kidea pozik dago altsasuarren erantzunarekin: "hasi berriak izanik, zakarrago ariko zirela espero nuen, baina berehala hartu dute" adierazi zuen Beleixe irratian (FM 107,3). 9 ikasleak bi bals eta kalejira dantzatzeko prestatu ditu. Ikasleen artean daude Joseba Lizarraga, Ibon Poveda eta Leire Razkin. Beleixe irratian (FM 107,3) ikasketa prozesuaren berri eman zuten: "Labaderon hasi ginen. Behin oinarrizko pausoak ikasita, Iortiara etorri ginen erraldoiekin hasteko". Dantzari berrien hitzetan, sekretu nagusiak honakoak dira: "erritmoa eramaten jakitea, oreka mantentzea eta indarra". Irakasleak lasaitu egin ditu teknika eta praktikak laguntzen duela esanez. Ikasleek ez dute oraingoz konpartsa bat sortuko. "Helburua dantzak ikasi eta erraldoiak ateratzea da" diote. Festetako etxajuarekin batera jarriko dituzte dantzan erraldoiak eta larunbatean errepikatuko dute dantzaldia. Herritarren eta, bereziki, haurren erantzuna ikusteko gogoz daude.