Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Eguerdian piztuko da festen metxa Altsasun. Bilduko taldearen ardura da aurten txupinazoa jaurtitzea. Koalizioak jakitera eman duenez, hiru eskuren artean piztuko da festei hasiera emanen dion etxajua. Bata Garazi Urrestarazu Zubizarreta alkatearena izanen da. Harekin batera, Gorka Angiano eta Gorka Unamuno izanen dira udaletxeko balkoian. Bien eskubide zibil eta politikoak bahituak daudela azaldu dute Bildutik eta horregatik gonbidatu dituzte festari hasiera ematera. Euskal Herrian baliogabetutako makina bat zerrendetan jende ugari dagoela bi altsasuarren egoera berean nabarmendu dute Bildutik. Horrekin batera, "ilegalizazio guztiak gainditzeko garaia" dela adierazi du Altsasuko Bilduk. Koalizioko kideen ustez, "herriko eta udaleko bizitzan parte-hartzeko eskubidea dutela ulertzen dugu. Ezin dute bigarren mailako herritarrak izaten jarraitu, horregatik suziria pizteko gonbitea luzatu diegu".