Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gaur, euskaraz mintzatuko da Nafarroako zinema. Nafarroako Filmotekan, Panorama INAAC zikloko bigarren saioan, euskarazko film laburrak izanen dira protagonista. Hiru film labur eskainiko dituzte: Julia Juanizen Dora Salazar hegal egiten, Asisko Urmenetaren eta Juanjo Elordiren Gartxot, Itzaltzuko bardoa eta Cesar Urbina eta Jorge Galanen Akerbeltz. Lehenengoak Sakanako artista du protagonista. Gartxot filmean, berriz, Jose Mari Morcillo Morkots altsasuarrak parte hartu du.Film laburrak Nafarroako Filmotekan (Antonio Perez pasealekua, 3. Iruñea) eskainiko dituzte, gaur, 20.00etan. Sarrera doan da, baina txartelak aldez aurretik hartu behar dira.Dora Salazar protagonistaJulia Juanizek Altsasuko artistari buruzko dokumentala egin du. Joan zen asteazkenean gaztelaniazko bertsioa eskaini bazuten, gaur euskarazkoaren txanda izanen da. Filmak Dora Salarrazarren sormen-lanetan murgiltzeko aukera eskaintzen du.Morkots marrazkigileAsisko Urmenetak eta Juanjo Elordik zuzendutako Gartxot, Itzaltzuko bardoa filma Arturo Campionek 1917an zabaldutako Itzaltzuko bertsolariari buruzko kondairan oinarritzen da. Asisko Urmeneta margolari nafarrak kondaira komikira eraman zuen 2003an. Orain, ikus-entzunezkoetara egin du salto. Filmaren lan-taldean dago Jose Mari Morcillo Morkots, altsasuarra. Asisko Urmenetaren eta Juanjo Elordiren egitasmo batean parte hartzen duen bigarren aldia da. Munduaren bira, doan animazio filmean ere lan egin zuen, Idoia Zufiaurre urdiaindarrarekin batera.Film labur bezala jaio zen Gartxot animaziozko lana. Asisko Urmenetak eta Juanjo Elordik zuzendutako 10 minutuko filma handitzen eta handitzen ari da. Somuga animazio estudioa 85 minutuko film luzearen produkzioan dago. Abenduan estreinatzea espero dute Gartxot izenarekin.