Herriko eragileek bandarekin abestuko duteIraila festa garaia da Sakanako Haize Berriak bandarendako. Igandean Ziordian jo ondoren, bihar, Altsasuko festek hartuko dute txanda. Festetako jai giroan, Altsasuko herria kantuan jarriko dute. Sakanako bandaren musikari ahotsa jarriko diote herriko eragileek.Hator kantariSakanako Haize Berriak bandak Oskorri taldearen Hator kantari kontzertua hartu du eredu. Haren bidetik, abesti ezagunak joko ditu herriko plazan: Lau teilatu, Tequila, Haurrak ikas zazue, Furra furra... Bandak jarriko du melodia eta ahotsa, berriz, herritarrek. Herriko zenbait eragilek erantzun diote bandaren deiari. Sakanako Haize Berriak bandak giro ederra jarriko du Altsasuko plazan. "Jai giroan, herri giroa suspertzea gustatzen zaigu. Horregatik, kontzertu entretenigarriak eskaini nahi izaten ditugu" azaldu zuen Jasone Etxebestek Beleixe irratian (FM 107,3). Helburu horrekin bultzatu dute herritarren parte-hartzea. Musika baino gehiagoSatur Leoz kazetariak eta Tarima Beltza antzerki taldeko Amaia Mintegik aurkeztuko dute emanaldia. Bestalde, kontzertu erdialdean Altsasuko antzerki taldeak esketx bat eskainiko du. Beste sorpresaren bat ere iragarri dute. Kontzertuari amaiera emateko, festetako protagonistak aterako dira plazara: kilikiak, buruhandiak eta gaiteroak. Txomin Mujikaren Aitziber eta Jon baltsaren doinu dantzagarriarekin agurtuko dira. Herriko abeslariakJubilatuak, inauterietako batzordea, Gorka Azpilikueta, Guaixe-Beleixe, Satur Leoz, Joseba Salegi, Erkudengo Ama abesbatza, Enrike Zelaia, Martin Mendia, Itziar eta Erkuden Flores, Iñaki Mendia eta alkatea eta alkate ohiak.