Etorkizunarekin kezkatuta Sunsundeguin

Guaixe 2011ko irailaren 14a

Heldu den astean kudeatzailearekin bilduko dira. Eskubideen murrizketa jasotzen duen plana onartu ondoren lantegiren etorkizuna ez dute bermatuta ikustenInformaziorik ez dutela jasotzen diote langileek. Horregatik eskatu zuten parlamentuan atzera bota zen agerraldia"Gardentasuna falta da". Kike Aldasoro ELAko ordezkariaren hitzak dira. Bera enpresa batzordeko (UGT 5, ELA 5 eta LAB 3) gainontzeko kideen modura kexu hori du, informazio faltarena. Horregatik heldu den astean Soden enpresa publikoak Sunsundegui bideratzeko jarri duen kudeatzailearekin, Murillorekin, bilduko dira eta hiru gairen inguruan ariko dira: lan kargaz, lehenik; bestetik, Foton autobus konpainia txinatarrarekin dagoen loturaz eta autobus elektrikoaren ekoizpen posibleaz eta, azkenik, etorkizunerako dauden berme eta planez galdetuko dute. Langileen ordezkariek diote onartu zuten planean 40 lanpostu suntsitzea eta hainbat murrizketa jasotzen direla, baina gobernuak oraindik ez duela akordioa berretsi. "Hainbat inbertsio aurreikusten ziren, Nafarroako Gobernuak ez ditu baieztatu eta, gaur egun, Sunsundeguik ez du etorkizun garbirik" esan digu Aldasorok. Eta gaineratu du, "ona balitz ez lukete estaliko". Autobus elektrikoaLangileen ordezkariek lantegiaren etorkizuna autobus elektrikoarekin lotu izan dute azken bi urteetan. Horretarako Altsasuko lantegia motorizazio hibrido eta elektrikoan eguneratu beharko lukeela dio Aldasorok. Nafarroako Gobernukoak Txinara autobus elektrikoa buruan zutela joan ziren. Foton enpresarekin akordioa itxi zuten Nafarroan halako ibilgailuak egin ahal izateko. Antza, Tafalla aldean kokatuko litzateke lantegia. Sunsundeguiko langileek informaziorik ez dutenez hainbat aukera aztertu dituzte. Horien artean Nafarroako Gobernuak lantegia erosi eta gero Fotoni saltzea. Hark urte pare bat Altsasuko lantegiari eutsi eta gero Tafallara lekualdatzea. Hori da informazio faltagatik sortu zaien kezketako bat. Autobusak Altsasun badakitela egiten eta autobus elektrikoa Sunsundeguin egitea eskatzen dute langileek. Bitartean, bi ingeniarik enpresa utzi dute. Langileen susmoa da  Iruñean barna dabilen probako autobus elektrikoa Europan homologatzeko lanean ari direla. Baina horren berririk ere ez dute eta ezin dute ziurtasunez esan.