Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Nafarroako Bilduko bozeramaile Maiorga Ramirezek ostiralean adierazi zuen Altsasuko parodiari kasu egiten zaiola udala koalizioaren eskutan dagoelako. Kazetarien galderei erantzunez, Ramirezek esan zuen: "gaiaren inguruan sortutako zirko mediatikoak helburu bakarra du, Bildu Altsasun egiten ari den lana zikintzea". Ramirezek adierazi zuen Altsasuk beste alkate bat balu gertaeraren berririk ez zela izanen. Bestalde, Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak adierazi du gertakarien inguruan eginen diren polizia-txostenak aztertuko dituela. Haiek aztertu ondoren, parte-hartzaileen kontra kereila aurkezten duen aztertuko du. Azkenik, AVTk Altsasuko alkate Garazi Urrestarazu Zubizarretaren kontrako kerella aurkeztu du, koroaren kontrako delitua egotziz. Bestalde, Altsasuko Udalean PPko zinegotzi den Francesc Paris Huguetek prentsan argitaratutako gutun batean adierazi du "ergelkeria hura" Bilduren oniritziarekin egin zela. Berari botoa eman zioten altsasuar eta beste hainbat herria halako beste berriengatik notizia izateagatik triste daudela adierazi du.