Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Otadiako Kristo Deuna txapelketa urtetik urtera gero eta ikusle gehiago biltzen dituen txapelketa da eta hori kantxan ere islatzen da, gero eta maila hobea duten pilotariak biltzen direlako bertan. Larunbatean jokatu ziren final handiak eta Burunda pilotalekura gerturatu ziren 800 ikuslek final ezin hobeez gozatzeko aukera izan zuten.Gaueko lehena Ezkurdia eta Ansotegiren artekoa izan zen. Partidu gogor eta ikusgarria espero zen eta pilotariek ez zuten huts egin. Biak betidanik elkarrekin aritu diren gazteak dira eta ongi ezagutze dute elkar, zein den bakoitzaren ahulgunea eta non egin dezakete min gehien. Partidua oso berdindua joan zen hasieratik, 17rako berdinketara iritsi arte ez zegoen argi nor izango zen irabazlea. Azkenean Ansotegiren akats batek erabaki behar izan zuen Ezkurdiak eramango zuela aurtengo txapela.Bikoteetan Baez eta Lizoain izan ziren txapeldunak Armendariz eta Landiribarren kontra jokatutako finalean. 22-14 bukatu zen partiduan, irabazleak hasieratik izan ziren nagusi. Lizoain izan zen partiduko pilotari hoberena, Baezek errematean asmatu zuen eta Armendarizek ere oso pilotada onak eman zituen. Landiribarrek ongi jokatu bazuen ere, partiduko ahulena izan zen.Partiduaren bukaeran, aurten hildako Odei Iturrioz klubeko pilotariari omenaldia egin zitzaion. Guraso eta arrebari oroigarriak banatu zitzaizkien ekitaldi oso hunkigarri batean.