Arrebote taldearen dejada

Guaixe 2011ko irailaren 22a

Altsasuko Arrebote taldea notizi bihurtu da azken astean. Runba taldeak La mejor dejada kantaren bideoklipa grabatu zuen udan. Irailean argitaratu zuten bideoa eta, internet sareek lagunduta, ziztu bizian zabaldu da. Haren bultzadarekin, Altsasuko taldeak lekua egin du egunkari, irratsaio eta telebistan. BideoklipaPilotak eman zion izena Arrebote taldeari, eta bideoklip arrakastatsua ere pilotarekin lotuta dago. "Pilotazale amorratua naiz; pilota-apustu egun bateko komeriak abestira eraman ditut" azaldu digu Iñigo Muñoa, taldeko abeslariak. Pilota partidako protagonistak ez dira edonolakoak: Irujo eta Zubietaren arteko buruz burukoa da. Musikariek etxarriarraren alde egiten dute apustu. Badirudi galdu eginen duela, baina dejada ederrak etxarriarrari ematen dio garaipena eta, bide batez, Arreboteko apustulariei. Gidoia xumeak irudi xelebreak utzi ditu: garai bateko estetikaren eta gaurkoaren arteko nahasketa, pilotariak runba erritmora dantzan eta abar. Hortik bideoaren arrakasta. Irudiak Ihabar, Uharte Arakil, Iturmendi eta Altsasun grabatu zituzten udan. Arrebote taldeak egun batez antzezle lanetan jarri zituen Altsasuko eta Etxarriko lagunak. Javi Galeano altsasuarra arduratu da edizioaz. Umorez beteriko bideoklipak amaiera hunkigarria du. Lana bertan parte hartzera zihoan Odei Iturrioz pilotari eta lagunari eskaini diote.IbilbideaAltsasuko Arrebote taldea 2007an igo zen lehen aldiz eszenatoki gainera. Ordukoa dute lehen maketa. Gaur egun taldearen buruan jarraitzen du Iñigo Muñoa abeslariak. Leo (gitarra), Jose (gitarra elektrikoa), Iñaki Aldabe (baxua) eta Haitz Bujandak (bateria) osatzen dute taldea. Azkena dute fitxaje berriena, duela bi hilabeteetatik. Altsasuko Zelandiko lokalean entseatzen dute.Arrebote taldearen berezitasuna runba estiloan dago. "Kasualitatez hasi ginen. Gurean rock eta punk taldean nagusitzen ziren, eta dibertigarria iruditu zitzaigun Kataluniako runbarekin probatzea" ekartzen du gogora Muñoak. Badituzte 50 bat abesti, gehinak Iñigo Muñoa eta Leoren artean sortutakoak. Buruan dute bigarren maketa grabatzea, "baina horretarako dirua behar da" diote. Helburu horrekin kontzertuak egin nahi dituzte. Aurki Altsasun eta Deban jotzeko asmoa dute.Bideoklipa You TubenBi astetan La mejor dejada bideoklipak 17.000 bisita baino gehiago izan ditu.