Extremadurako kultura Altsasun

Guaixe 2011ko irailaren 27a

Extremadurako kultur asteak azkeneko hitzorduak bete ditu asteburu honetan. Makina bat ekitaldi izan dira aste osoan La Encina elkarteak antolatutakoak. X. edizioa joan zen astelehenean hasi zen Jose Luis Cid Altsasuarraren margo erakusketarekin, Bizitza eta kolorea. Erakusketa honetaz gain, joan zen ostiralean arratsaldeko 17:00etan postre lehiaketa izan zuten.19:00etan Extremadurako Las Hurdes bailaratik zuzenean etorritako El Tio Pichoren eskutik izan zen pregoia Iortia kultur gunean. Extremaduran oso famatua den pertsona da, Anastasio Marcos "El Tio Picho". Eztigintzan iaioa da pregoilaria, baina horretaz gain, bere bizitzan alor askotan lan egin duen gizona da, besteak beste, irratian, ogigintzan eta artzaina ere izan zen. Baina gaur egun, artisau ospetsua bihurtu da eta munduko ezti lehiaketetako garaile izan da.Berrehun bat pertsona gerturatu ziren Iortia kultur gunera ostiral arratsaldean. Extremadura eta Nafarroako banderak lagun zituztela, gehien bat adineko jendea, familiak umeekin, eta gazteak gerturatu ziren. El Tio Pichok bere pregoia bere poztasuna aurkeztuz hasi zuen eta Extremadurako etorkinen bizitza gogorra gogora ekarri zuen. Gainera, Altsasuko jendeari eskerrak eman zizkien harrera ona egin zietelako bere garaian. Umiltasunetik, bere bizitzaren inguruan hitz egin zuen, baita ingurumenaren inguruan. Erleen garrantziaz mintzatu zen eta bizitzaren zikloaren konparaketa egin zuen aldi berean. Bestalde, pregoiarekin amaitzeko, Extremadura eta Altsasuko emakumeen edertasuna loreekin erlazionatu zituen eta txalo zaparrada jaso zuen ikusleen aldetik.Beranduago, Ohorezko damei lore eskaintza egin zitzaien. Helduetan, Izaskun Cidonchak eraman zuen saria eta gazteetan, berriz, Aintzane Morenok. Bestetik, El Tio Pichori La Encina elkarteko zapia jantzi zioten eta opari bat jaso zuen. Pregoilariaren umore ikutuak ere dastetzeko aukera izan zuten ikusleek Iortia kultur gunean eta geroxeago musikari tartea egin zioten.Carmen de Tena abeslariak bere gitarrista Carlos Muñozekin batera flamenko emanaldia eman zuen pregoiaren ondoren. Malagueña abestiarekin hasi zuen kontzertua eta jendeak primeran pasa zuen.Larunbatean gazteen eguna ospatu zuten, goizetik hasita, futbol partidak, otamena eta poteoa izan zituzten. Eguerdian herri bazkari izan zuten eta 65 pertsona inguru gerturatu ziren bertara. 17:30ean Cuatrolen partidak izan zituzten eta gauean DJ-ekin gozatzeko aukera izan zuten. Bestalde, domekan, bazkideen egunean ere herri bazkari egin zuten eta Oslo bikotearekin dantzaldia. Bazkaldu ondoren, elkarteko  adinduak omendu zituzten. Francisco Sanchez eta Blanqui Gonzalez izan ziren omenduak.