Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
La Encina kultur elkarteak igandean agurtu zuen XI. Extremadurako kultur astea. Horrekin batera, ateak itxi zituen Jose Luis Ciden Bizitza eta kolorea margo-erakusketak. Bere margolanak Iortia kultur gunean egon dira astelehenetik domekara. Altsasuarraren lehen erakusketa publikoa izan da eta "gustura" geratu da. "Orain arte etxekoek eta lagunek baino ez zituzten ezagutzen nire lanak. Herritar asko harrituta geratu dira" azaldu digu. Altsasuko margolariak bere kabuz ikasi du margotzen; "ikastaroren bat edo beste egin dut, baina orokorrean, esperimentatuz ikasi dut" dio. Ikasketa prozesu hori ikus daiteke margo erakusketan. Denetariko lanak eskegi ditu Iortia kultur gunean: arkatzez egindako marrazkiak, eskulanak, akuarelak, margolan surrealistak, erretratuak, forma geometriko koloretsuak eta irudi figuratiboak batzen dituzten pintura koadroak, egurraren gainean egindako margolanak... Erakusketan Altsasuko zenbait txoko eta pertsona ageri dira. Jose Luis Cidendako bereziki hunkigarria da lankide izan zuen Herrerori eskainitako koadroa.Margolan bilduman etxekoei eta lagunei oparitutako lanak daude. "Artea ez baita saltzen" dio. Ziurtasunez esaten du bere zaletasuna merkea dela, batetik, birtziklatutako materiala erabiltzen duelako, eta, bestetik, "margotzen ari zaren denboran ez zaudelako kalean". Lehen erakusketa publikoaren ondoren, altsasuarra ez dago ondorengoaren zain; "orain arte egin dudan bezala, margotzen jarraituko dut gustuko dudalako" dio. Lanak uzten dion tarteetan pintzela hartu, eta koadroak egiten jarraituko du.