Sunsundeguirako bazkide posibleekin harremanak ditu gobernuak

Guaixe 2011ko irailaren 28a

Sunsundegui enpresaren etorkizunaz aritzeko hartu zuen estreinakoz hitza Nafarroako Parlamentuan Lourdes Goikoetxea Zubeltzuk, Industria kontseilariak.NaBaiko Manu Aierdi parlamentariaren galderei erantzunez, Goikoetxeak azaldu zuen "Sodena eta Nafinco enpresa publikoen bidez akzio posible guztiak aztertzen ari gara. Oraindik ez da erabakirik hartu eta ez da aukerarik baztertzen". Goikoetxea kontseilariak jakinarazi zuenez, "Sunsundeguiren garapenerako eta mantenurako aukera onena sozio industrial bat da". Bazkide izan daitezken hainbat enpresekin harremanetan daudela aurreratu zuen Goikoetxeak, ezer gehiago zehaztu gabe. Autobus elektrikoaKontseilariak, bestalde, aipatu zuen Sodena autobus elektrikoa garatzeko proiektua lantzen ari dela. "Sinatutako akordioan jaso da elkar lan bat egon dadila Sunsundeguik karrozatu ditzan Foton Europaren autobusak". Goikoetxeak ziurtatu zuen Altsasuko enpresaren epe luzerako bideragarritasunaren alde daudela. Sunsundegui eta Sakana aurrera ateratzeko konpromisoa dutela ziurtatu zuen kontseilariak. Aldi berean, Sunsundeguiko sindikatuei zuzenduta, Goikoetxeak gogorarazi zien onartutako aurre-akordioa berrestea beharrezkoa dela, eta gaineratu zuen, "ez dakit nahikoa izanen den", krisiak kolpatutako enpresaren egoera aipatuz.