Gaztelua ikusgarri uzteko, auzolana

Guaixe 2011ko irailaren 30a

Altsasuko Mendigoizaleak taldeak Gazteluaren ingurua garbitzera deitu ditu altsasuarrak. Bihar 8:00etan jarri dute hitzordua, plazan. Sasiak eta zuhaixkak janda dagoenez, Bargan dagoen dorrea ez da Altsasuko bazter guztietatik ikusten

Bihar ekinen diote bargan dagoen dorrearen inguruak garbitzeari. Altsasuko Mendigoizaleak taldearen ekimena da gazteluaren inguruak garbitzeko nahia.Taldeko kide Jose Luis Cobok azaldu digunez, asmoa da dorrearen ingurua txukun uztea, 25 metroko perimetroan edo. Baita barrukoa ere, egun hurritza hazten baita bertan. Behin garbituta, hara igo eta han egoteko tokia izan daitekeela gaineratu digu Altsasuko Mendizaleak taldeko kideak.

Auzolana
Cobok azaldu digunez, altsasuarrei garbiketa lanetan parte hartzeko deia egin diete, ahalik eta jende gehienen artean egin ahal izateko. Bihar plazan dago hitzordua jarrita, 8:00etan. Cobok azaldu digunez, "ahal duenak garbiketa egiteko tresnak eraman ditzala: malda-segak, aitzurrak eta bestelakoak".Altsasuko Mendigoizaleak taldearen asmoa da lanak bihar hastea da, domekan segitzea, heldu den asteburuan despeditzeko. Baina bildutako jendearen arabera izanen da hori. Lanak egiteko beharrezko baimenak eskatuak dituzte bai udalean baita basozainei ere.

Basaluzeko dorrea Bargagaingo bidearen ondoan, dorrea komunikaziorako erabili zen. Ez zen gaztelua izan, izen hori badu ere. Irun eta Madril lotzen zituen telegrafo optikoko lineako 54 transmisio dorretako bat zen. Basaluzeko dorrea 10. zen. Altsasun bertan beste dorre bat zegoen, Egunerakogañen. Gaur egun aztarnen bat ikus daiteke han. Komunikazio sistema hori 1846an mustu zen. Baina 1854an asmatutako telegrafo elektrikoak bazterrean utzi zituen.