Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sunsundeguiko kudeatzaileak, Jose Ignacio Murillok, astelehenean 48 orduko epea eman zion enpresa batzordeari (UGT 5, ELA 5 eta LAB 3) hitzarmena sinatzeko. Herenegun despeditu zen kudeatzaileak emandako epea, baina aldeak gaur, 16:00etan, dira biltzekoak. Mahai gainean sinatzeko dagoen idatzia garilean adostutako aurre-akordioaren egokitzapen juridikoa da. Orduko hartan, langileen artean galdeketa egin ondoren, UGTk eta ELAk sinatu zuten eta LABek ez.Aurre akordioaren jaso zenez, indarraldia 2011tik 2016ra izanen da. Soldata murrizketak eta eskala bikoitza, 40 langile kaleratzea eta jubilazioak aurreikusten dira besteak beste.GobernuaNafarroako Gobernuak, Nafinco eta Sodena enpresa publikoen bidez, duela bi urte hartu zuen bere gain Sunsundegui.Enpresa erosteko aukera gorde zuen, eta epea hilaren 23an despeditzen da. Lourdes Goikoetxeak parlamentua azaldu zuen akordioa sinatzea ez zela nahikoa izanen agian, baina horrek inbertsioa egin dezakeen bazkide bat sartzea erraztu dezakeela ulertarazi zuen. Antza, hori da Nafarroako Gobernuaren lehen aukera, Sunsundegui beste enpresa baten esku uztea. Gaurkoan Diario de Navarrak azaldu zuenez, inbertsioa eginen lukeen bazkidea sartuko balitz, Nafarroako Gobernuak Sunsundegui erosteko aukera hari pasatzeko modua luke. Hiru jarreraMurillorekin bildu aurretik enpresa batzordean zeuden sindikatuek jarrera ezberdinak zituzten. UGT kudeatzaileak proposatutako akordioa sinatzearen alde agertu zen. ELAko kideek aurre-akordioan sinatutakoa ez zuten proposatutako testuan islatuta ikusten. Horregatik bestelako berridazketa proposatu zuten. Aurre-akordioan jasotzen ziren bermeak ikusi nahi zituzten sinatu beharreko akordioan. LABek, berriz, aurreratu zuen ez zuela akordiorik sinatuko Nafarroako Gobernuak enpresaren etorkizunerako benetako konpromisorik ez badu hartzen. "Sunsundegui irekita nahi badute zer egin behar duten azaldu beharko dute; zein den irtenbidea azaldu beharko dute eta enpresan sartu duten diru publikoarekin zer egin behar duten". Hori argituko balu, akordioetara iristeko prest azaldu da LAB. Sindikatu abertzaleak, bestalde, "Sunsundeguiren aldeko apustua exijitzeko", mobilizazioak deitu ditu. Gaur, 12:00etan, delegatuen kontzentrazioa eginen du Nafarroako Parlamentuaren aurrean. Hurrengo ostiralean, 19:30ean, manifestazioa deitu du Altsasun, Foru plazatik abiatuta.