Larunbatean dozena erdi boluntariok parte hartu zuten Altsasuko Mendigoizaleak-ek deitutako auzolanean. Basaluzeko dorrearen ingurua garbitzeko asmoz abiatu ziren bargan gora. Altsasuko Mendigoizaleak-eko kide Txuma Morcillok Beleixe Irratian (FM 107,3) esan duenez, lana ia despeditu zuten larunbatean. "Inguruan zeuden sasiak eta zuhaixkak kendu genituen. Lurra pixka bat egokitzea falta da, dena ondo gelditzeko". Morcillok esan duenez, lanerako jende gutxi bildu baziren ere oso gustura ibili ziren. Beleixe Irratian (FM 107,3) argitu duenez, agorrilean Bargagaingo gurutzera igotzeko bidea seinaleztatzen ibili ziren. Bide ondoan dago Basaluzeko dorrea. "Ondotik pasatzen ginen eta ohartu ginen ez zela ikusten. Pena ematen zigun. Gurea izan edo ez, zerbait egin zitekeen pentsatzen jarri eta, azkenean egin". Mendizale elkarteko kideak nabarmendu du telegrafo optikoa osatzen zuten 50 dorreetatik Hego Euskal Herrian zutik dagoen bakarra Altsasukoa dela eta ondare hori zaintzea merezi duela esan du. Horregatik, Altsasuko Mendigoizaleak-eko kideek Altsasuko Udalera eta Kultura Departamentura joko dute, dorrea konpontzeko; "eta ea zer esaten diguten". Dorrea ongi badago ere, mendizaleek erori aurretik konpondu nahi lukete.