Oreretako ahotsak Altsasun

Guaixe 2011ko urriaren 7a

Altsasuko Erkudengo Ama abesbatzak ere abestuko duTelleri alde abesbatzak kontzertua eskainiko du bihar Altsasun. Gipuzkoako abesbatza koral tradizio handiko herritik dator, Oreretatik. Abesbatzaren aurkezpen publikoa izanen da.Telleri alde abesbatza gaztea Sagrado Corazón ikastetxeko ikasle ohiek osatzen dute. Garai bateko adiskidetasunak eta musika zaletasunak abesbatza osatzera bultzatu zituzten. Gaur egun, 35 lagunek osatzen dute abesbatza, Carlos Rodriguezen zuzendaritzapean. Oreretarrek ilusio berezia jarri dute biharko kontzertuan, ikastetxetik eta herritik kanpo abesten duten lehen aldia baita.Gipuzkoarrek Altsasuko Erkudengo Ama abesbatzaren laguntza izanen dute. Altsasuko abesbatzak lau abesti eskainiko ditu. Kontzertua elkarrekin amaituko dute, bi euskal abesti ezagunekin. Kontzertua Erkudengo Ama abesbatzarekin egindako elkartrukearen barruan dago. Altsasuarrek Gipuzkoarako bidea hartuko dute udaberrian. Altsasuarrak ZaragozanErkudengo Ama abesbatzak kontzertua eskaini zuen larunbatean Zaragozan. Aragoiko hiriko Salestarren ikastetxean abestu zuten, Montserrat abesbatzak gonbidatuta. Altsasuarrek ederki bete zuten antzoki handia. Bereziki arrakastatsua izan zen Benito Lertxundiren Baldorba ezagunaren bertsioa. Zaragozarrek harrera paregabea egin zieten, "otamen, piropo eta guzti". Azaroan elkartrukea itzuliko du Zaragozako abesbatzak. Kontzertua eskainiko dute Altsasun hilaren 26an.