Debekuak antzerkira

Guaixe 2011ko urriaren 7a

Kolectivo monstrenko taldeak irekiko du Altsasuko lastaileko kultur agenda. Gasteizko antzerki taldeak Tenemos que hablar antzezlan umoretsua eskainiko du. Lonja txiki, ilun eta heze batean hiru mutil bizi dira, hirurak ere, noraezean daudenak. Direna eta izaten saiatzen direna, zirena eta izan zitezkeena islatzen duten itxuren babespean bizi dira, eta haien gezurrak sinesten dituzte. Argi-itzaletan, itxurakerian babestuta eta kanpoan dagoenarekin kontakturik gabe, arautegi propioa sortu eta elikatuko dute: debekatuta erretzea, norbere bizitza kontatzea, sofan loak hartzea, ingelesez hitz egitea (ezta OK ere), beti arrazoia edukitzea, LTDz hitz egitea, mundua konpontzea... Debeku zerrenda itogarri hori da elkarbizitzarako eta haien zentzugabeko pertsonalitateak bere horretan mantentzeko aurkitu duten bide bakarra. Txubio Fernandez de Jauregik, Ion Elolak, Andres Bezaresek eta Jason Guerrak 2009an sortu zuten Kolectivo monstrenko taldea. Bi urteren ondoren haien lehen antzezlana batean eta bestean eskaintzen jarraitzen dute arrakasta itzelarekin. Ironia eta umore finezko antzezlanak kritika onak jaso ditu. Antzezlanak eguneroko inkomunikazio intimoaz hitz egiten du.