Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Saskibaloiak gero eta jarraitzaile gehiago dituen kirola dela ez dago zalantzarik. Horren erakusle dira Altsasuko saskibaloi taldeak. Aurten denboraldi berriarekin 10 talde hasiko dira baloiari eragiten Altsasuko Zelandi polikiroldegian: preminiko 2 talde, preinfantileko beste 2, nesken 3 kadete talde, mutilen beste 1, mutilen junior talde bat eta seniorren beste bat. Guztira gutxi gorabehera 130 kirolari inguru daude aurten Altsasuko taldeetan, zifra oso polita eta urtetik urtera goraka doana. Baina horrenbeste talde edukitzeak, Altsasun, baditu bere arazoak.Batetik, instalazioak ez dira nahikoak hainbeste jendek entrenatu ahal izateko eta talde bakoitzak oso denbora mugatua izaten du prestaketak egin ahal izateko. Eta oraintxe bertan duten beste arazoa entrenatzaileena da. Gero eta talde gehiago daude, baina ez dago talde guzti horiek entrenatuko dituenik. Momentu hauetan, adibidez, preminiek ez dute entrenatzailerik eta daudenen artean banatu behar dituzte lanak. Hala ere, zuzendaritzatik adierazi digutenez, aurten, entrenatzaileendako ikastaro bat prestatzen ari dira eta oraingoz 13 pertsona daude interesatuak. Beraz, badirudi, heldu den urterako, entrenatzaile dezente izango direla talde guztiak prestatu ahal izateko.Taldeen helburuez galdetuta, zuzendaritzatik adierazi digute "talde gazteenen helburu nagusia kirola egitea da, lagunak egitea eta bere gorputza ezagutzea, norberaren mugak zeintzuk diren jakiteko". "Aurtengo denboraldiko talderik sendoena mutilen kadete taldea da. Talde indartsua daukagu eta gogor saiatuz gero, liga irabaztera iritsi daitezke". Berrikuntzei dagokionez "seniorretan entrenatzailea daukagu, Fermin Herrero. Horrek egonkortasuna ematen du eta aurten Final Four-era iriste da helburua".2011-12 denboraldiari junior eta senior taldeek dagoeneko hasiera eman diote, pasa den asten jokatu zituzten lehen partiduak, kadete mutilak aste honetan hasiko dira eta gainontzeko taldeak heldu den astean hasiko dira.