Akordioa sinatu dute Sunsundeguin

Guaixe 2011ko urriaren 12a

Enpresa batzordea ostiralean industria kontseilariarekin bildu zen, baina ez zuen ezer argituAurreko ostiralean Sunsundeguiko langileen ordezkarien gehiengoak, UGT (5), ELA (4) eta independenteak (ELA utzi duena), akordioa sinatu zuten zuzendaritzarekin. LABek (3) ez zuen sinatu. Testuaren inguruan adostasuna lortu ondoren, aste honetan sinatu dute espedientea.Enpresa batzorderen gehiengoak sinatu duen idatzia garilean adostutako aurre-akordioaren egokitzapen juridikoa da. Orduko hartan, langileen artean galdeketa egin zen. UGTk testu bat proposatu zuen eta ELAk eta LABek beste bat. Langileen %66k UGTk proposatutako planaren alde egin zuten eta hori da indarrean sartuko dena.Adostutakoaren arabera, 257 langileetatik 40 kalera joanen dira, soldata jaitsierak egonen dira, malgutasuna ekarriko du akordioak, baita soldata eskala bikoitza ere. BalorazioakUGTko Sakanako arduradun David Medinak positiboki baloratu du akordioa sinatzea. "Langileek aurrera egiteko ahalegin egiteko prest zeudela, seinale bat eman beharra zuten. Akordioak Nafarroako Gobernua inplikatzen du. Ia-ia erosketa egitera behartuta dago. Ikusiko da zein formularekin". Medinak gaineratu duenez, "eskubide murrizketa guztiak txarrak dira,  baina enpresa dagoen egoeran ez da akordiorik txarrena". Baina Iruñean sinatutako akordioa dagoeneko eskastzat jotzen zutela ere aurreratu digu. Negoziazioan beste sindikatuek izan duten jarrerarekin kritiko azaldu da UGTko kidea. ""Ez dakit zertara jokatu duen ELAk. Aurre-akordioa sinatu ondoren, negoziazioan ez da inplikatu hilabete eta erdian, eta azken egunean...". Medinak dio sinatutako akordioan jaso den abalaren aukera, ELAk beretzat duena, haiek aurretik proposatu zutela. LABek izandako jokaera ere ez duela ulertzen esan digu Medinak. "Ez da sartu, ezta sinatu ere. Baina enpresa batzordean egondako kide batzuk ateratzeko boluntario ziren. Gainera, Altsasun bertan eta Iruñerrian antzeko edo okerragoko akordioak sinatu izan ditu". ELAko Kike Aldasorok esan digunez, aurre-akordioan jasotakoa legezkotasunera eraman nahi izan dutela, "irakurketa bikoitzetarako aukerarik gabe". Kaleratutako langileak bueltatu eta enpresa itxiz gero kalte-ordaina lortzeko ahalegina egin dutela nabarmendu du Aldasorok. "10 urterako abal bat lortu dugu". ELAko kideak esan duenez, "guk ez dugu testua defendatu, plantilla soberanoak defendatu dute. UGTrena da prekarietatearen ardura". Bestalde, azaldu digu akordio hori sinatu ezean zuzendaritzak neurri gogorragoekin mehatxatu zuela. ELAko kidea LABekin kexu azaldu da "testua ere ez du begiratu, landu".LABek, azkenik, akordioa sinatu dutenen kontra egin du. "Enpresarekin akordioa sinatu dute, enpresaren etorkizunerako bermerik gabe eta Nafarroako Gobernuaren konpromisorik gabe". LABek dioenez, "ELAk guztiok txoratu gaitu, garileko aurre-akordioa sinatu besterik ez duenean egin". UGTk eta ELAk "bat egin dute langileei egindako iruzur hau aurrera eramateko". Sunsundeguin eginen dena Nafarroako Gobernuak erabakiko duela dio LABek, eta lantegia ixten bada sinatzaileak "beharrezko konplizeak" izanen direla salatu du. Azkenik, LABek, ostiralean, 19:30ean Altsasun eginen den manifestaziora deitu du. BileraOstiral arratsaldean Lourdes Goikoetxea industria kontseilaria Sunsundeguiko enpresa batzordearekin bildu zen. Goikoetxeak azaldu zien hiru aukera aurreikusten dituela: bazkide inbertsorea enpresan sartzea, egungo zuzendaritzak kudeaketan jarraitzea edo kooperatiba bihurtzea. Enpresa bat erosteko interesa azaldu zuela eta negoziazioak gogorrak izaten ari zirela jakin zuten langileek.