Onddoen bila joateko lasterketa

Guaixe 2011ko urriaren 14a

Dantzaleku Sakana atletismo klubak, hainbat babesle eta laguntzailerekin batera IV. Onddoen Lasterketa antolatu du bihar, larunbat eguerdian, Altsasun, ferien barruan gauzatuko den ekitaldia, hain zuzen. Helburua onddoaren ibilbidea egitea da, San Pedro parajeetan eta herriko basoetan barna, modu herrikoian. "Proba ez lehiakorra da, eta jende guztia bertan aritzera animatu nahi dugu. Horregatik ibilbideak ia 7 km-ko distantzia du, nahiko eramangarria, eta mota guztietako jendea erakarri nahi dugu: atletismoa praktikatu eta lasterketetan aritzen direnak, korrika egiten dutenak, baita lasterketetara ateratzen ez direnak eta besterik gabe goiz eder bat pasatu nahi dutenak. Familiartean, lagunartean... izan ere, nahi duenak oinez ere egin dezake ibilbidea, asmoa ongi pasatzea delako, inolako lehiakortasunik gabe" adierazi zuten antolatzaileek.Proba ez lehiakorra denez ez da ezer ordaindu beharko. Sailkapenik ere ez da egongo eta korrikalariak erritmo lasaian ariko dira. "Nahi duenak ere oinez egin dezake, garrantzitsuena parte hartzea eta ongi pasatzea da" diote. Pasa den urtean bezala, bereziki emakumeak animatu nahi dituzte. Horregatik "Sakanako andreak anima zaitezte" lelopean antolatu dute lasterketa. "Sakanan korrikalari asko dago, emakumeak barne, baina lotsagatik edo ez dira hemengo lasterketetan parte hartzera animatzen. Horregatik bertako korrikalariak eta emakumeak bereziki, bihar goiz eder batez gozatzera animatzen ditugu" adierazi zuten antolatzaileek.IbilbideaIa 7 km-ko lasterketa da, haritz artean, onddoak ezkutatzen diren paraje ederretan barna. Bihar, 12:00etan Altsasuko Foruen plazatik irten eta Pilotajaututik basorako bidea hartuko dute, Otaibarren, Olloetxe eta Zamarretako zubian barna. San Pedrora iritsi eta baso itxitik Dantzalekurako bidea hartuta, Maibelotik plazara itzuliko dira, lasterketa bukatzeko.Proba ez lehiakorra denez, ez da sailkapenik ez sari metalikorik egongo. Korrikalari guztiek ehun termikoa duen onddoen lasterketako kamiseta ederra jasoko dute opari eta Altsasuko feriekin zerikusia duten produktu tipikoen zozketa eginen da denen artean. Txistorra, patea, gazta, onddoekin zerikusia duten liburuak, 2 afari, onddoen 3 saski eta bestelako produktuekin osatutako lote ugari zozketatuko dituzte. Aurten gainera, berrikuntza garrantzitsu bat egongo da. Parte hartzaile guztiek lastailaren 16tik 23ra arte Altsasuko Kirol guneez dohainik gozatzeko aukera izango dute, bertako instalazioak ezagutu ahal izateko.32. Eskola Krosean patinete bat zozketatuko da Onddoen lasterketa baino lehen, goizeko 11:00etan, Eskola Krosa abiatuko da. Aurtengoa 32. edizioa izango da. Prebenjamin mailatik hasita kadete mailaraino -jubenilak helduekin aritu daitezke-, kategoria guztietako lasterketak Foruen Plazaren inguruan prestatutako zirkuituan izanen dira. Haur guztiek txokolatezko irabiakia eta opil bat jasoko dute. Antolatzaileek krosean aritzeko deia egin diete gaztetxoei. Gainera, krosean arituko diren neska-mutilek etxera patinete bat eramateko aukera izango dute, parte hartzaile guztien artean zozketatuko dena.Izena emateaLasterketetan parte hartzeko nahikoa da www.dantzalekusakana.com web gunean inskripzioa bete edo biharko lasterketa hasi baino lehen Gure Etxean izena ematea. Joan zen urtean 250 pertsona aritu ziren eta kopuru hori gainditzea espero dute antolakuntzakoek, eguraldi ona iragarri baita biharko.