Sunsundeguirako konpromisoa eskatu du LABek

Guaixe 2011ko urriaren 18a

Geure industria-ehuna defenda dezagun, Sunsundegui, konpromisoa orain leloa zuen pankartaren atzean 300 bat pertsona bildu zituen LABek aurreko ostiralean. Manifestazio bukaeran LABetik azaldu zutenez, 500 langabetu gehiago egon daitezke ibarrean igandean "Nafarroako  Gobernuak ez badu bere ardurarekin betetzen. Sakana desertu industrial bilakatu dela esan genezake eta horrek nafar guztioi eragiten digu".LABeko kideak salatu zuen Sunsundeguin zuzendaritzak UGT eta ELArekin lortutako akordioa "xantaia eta mehatxuaren bidez" lortu dutela. Bi sindikatuek gobernutik "sartutako beldurragatik men" egin dutela nabarmendu zuen. Hala ere, LABetik ziurtatu zuten "arduradun zuzenak UPPN-PSOE" direla. Gobernuak Sunsundegui erosteko erabakirik ez duela hartu salatu zuen LAB-ek, eta "UGT eta ELAk sinatutako akordioak ez du konpromiso hau jasotzen. Nafarroako Gobernua ez badago ez da akordioa aplikatzeko enpresarik egonen". LABetik gaineratu zuten Sunsundegui ixtea edo deslokalizatzea ezin dela onartu.Sindikatu abertzaleak, bestalde, UPNko gobernuek Sakanarekiko izan duten jokabidea gaitzetsi zuten. "Ibarreko langileekiko mendeku politika indarrean jartzen ari da". Sakanaren eta Sunsundeguiren egoera gobernuaren ardura dela azpimarratu zuen LABek. Ufesa edo Dinesconen deslokalizazioak, onartutako espedienteak nabarmendu zituen eta "eskualdeko industria motorrarekin jolastea" leporatu zion gobernuari. "Bi gerente, bi urteko kudeaketa eta 18 milioi euroko zuloa. Dena esaten dute". Azkenik, UPNk inposatu nahi duenaren kontrako beste eredu baten alde egin zuen LABek eta haren alde borroka egiteko dei egin du. Bilduk bermeak exijitu dizkio gobernuariAurreko ostegunean Altsasuko Alkate Garazi Urrestarazu Zubizarreta eta Bilduko parlamentario Bikendi Bareak prentsa agerraldian horixe eskatu zioten Nafarroako Gobernuari: bermatu dezala Sunsundegiren jarduera. Itxierak 500 langabetu berri sortuko lituzkeela eta eragin "izugarria" izanen litzatekeela salatu zuten Bilduko kideek. Nafarroako Gobernuak Sakanarekiko duen "konpromiso eza" salatu zuen. Urrestarazuk eta Bareak "etorkizuneko apustuan eta egonkortzean oinarritutako bideragarritasuna ezinbestekotzat" jo zuten, Sodena edo bazkide kapitalista baten bidez bada ere. Bildutik azaldu zutenez, "Enplegua eta zuzeneko zein zeharkako jarduera gauzatzen eta proiektatzen den lekuan bertan bermatu behar du Administrazioak, Altsasuko lantegian, esaterako". Eta gaineratu zutenez, "Sunsundegiko langileak ezin dira azken egunotako zalantza eta ziurgabetasunarekin bizi, eta lantegiak etorkizuna izan dezan egiten ari diren ahaleginak babesa izan dezan merezi dute".