Urtetik urtera arrakasta gehiago duen lasterketa

Guaixe 2011ko urriaren 18a

Lasterketaren helburu nagusiena emakumeen partehartzea bultzatzea da eta badirudi urtetik urtera helburu horretara iristen ari direla antolatzaileak. Izan ere, lehenengo urtean 6 emakumek bakarrik parte hartu bazuten ere, aurtengoan 40 izan dira korrika aritu direnak, gainontzeko korrikalariekin batera, guztira 258 izanik.Egun bikainaz gozatzeko aukera izan zuten lasterketan parte hartu zutenek. Eguraldia lagun zutela, lagun artean San Pedro inguruko 7 kilometroak osatzeko ez zuten inolako arazorik izan. Gainera, lasterketa ez lehiakorra denez, ez zen sailkapenik egon. "Honekin, sakandarren partehartzea sustatu nahi dugu. Badakigu Sakanan asko direla korrika ibiltzen direnak, baina gero gutxi dira lasterketetan parte hartzen dutenak" adierazi zuten antolatzaileek.Hala ere, korrika ibili ziren guztien artean sari ederrak banatu zituzten. Denendako kamiseta bana banatu zen eta txistorrez, pateez, gaztez, liburuez eta 2 pertsonendako afariez osatutako 60 lote zozketatu ziren. Gainera, onddo lasterketa izanik, urtero bezala, partehartzaileen artean ezkutuan dauden onddoen saskiak ere zozketatu ziren. Aurten ere, berrikuntza bat izan zen antolatzaileen partetik. Zelandiko polikiroldegiko bazkide ez diren guztiendako bertako instalazioetaz aste batez dohainik gozatzeko sarrera banatu ziren, kirola sustatu eta Altsasuko kiroldegiak ezagutarazteko asmoz.