Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Altsasuko Gazte Asanbladak eta Askapenak Palestinarekin elkartasunez jardunaldia antolatu dute gaurko. 18:00etan, tren apeaderoko zubian egindako graffitia mustuko dute. 19:30ean, berriz, Palestinari buruzko hitzaldia izanen da Gure Etxea eraikinean. Bilal palestinarra izanen da hizlaria. Bera Aida Camp errefuxiatu eremuko Amal Al Mustakbal eskolako hezitzailea da eta Palestinaren egungo egoeraren berri emanen du.Horrekin batera, gaurtik domekara, Gure Etxea eraikinean argazki erakusketa bat ikusgai izanen da, 18:00etatik 20:30era. Hamaika begirada Palestinar Euskal Herritik izenburua du erakusketak. Hizlariaren soslaiaBilal 28 urteko gaztea da. Bere familia Israelek okupatutako lurraldeetan bizi zen. Handik bota zuten eta Belengo Aida Camp errefuxiatu eremura bizitzera iritsi ziren. Han jaio zen. Bere familiaren lurrak Israelek jasotako harresiak zatikatuta gelditu da. Etxea, berriz, kolonia israeldar baten parean gelditu da eta egunero check pointa (kontrol iraunkorra) pasa behar du errefuxiatu eremura joateko. Hango haur eskolan lan egiten du, boluntario. Kontrolean hiru bat orduz erretenitzen dutenez, oso goiz jaiki behar izaten du lanera garaiz iristeko. Batzuetan eraikuntzan lan egiten du eta lortutako dirua eskolarekin partekatzen du.