Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sunsundeguiko zuzendaritzak eta langileen ordezkarien gehiengoak (UGT, ELA eta independentea) atzo sinatu zuten enplegu erregulazio espedientea. 40 kaleratze jaso dira espediente horretan. Batzuk boluntario hartu dute erabakia. Hala batek behin betiko utzi du enpresa; hiru langilek aurretiko erretiroa hartu dute eta beste sei etorkizunean erretiratzeko asmoarekin utzi dute lantegia. Enpresak 21 langile aukeratu ditu eta haiek urte baterako kaleratu ditu. Espedientean jasotzen denez epe hori pasa ondoren bueltatu egin beharko lirateke lanera. Hitzarmena sinatu dutenek "horretarako lan eginen dutela" azaldu digute. LAB espedientea sinatzearen kontra agertu da eta sinatzaileei "epe motzera jokatzea" leporatu die. LABeko kideek diote enpresaren etorkizuna airean dagoela eta gertatzen denaren ardura enpresa kudeatzen dutenen eta haiek laguntzen dituztenena izanen dela. Horrekin batera, sindikatu abertzaleak "jazarpen ideologikoa" salatu du, 21 kaleratuetatik %40a bere kide delako. AurreikuspenakEspedientean hurrengo urterako 96 eguneko erregulazioa jasotzen da. Antza, zuzendaritzak neurri hori hartu du autobusen merkatua geldi dagoelako. Esperantzak bi omen ditu, lantzen ari diren prototipo berrian eta heldu den urtean merkatua mugituko dela. Izan ere, krisiagatik autobusen erabilera bizitza luzatzen ari dira enpresak eta horiek noizbait ordezkatu beharko dira. Bitartean Sunsundeguiko ordezkariak hainbat feriatan dabiltza.