Dermauko industrialde egitasmoari alegazioak aurkeztu dizkiote lur-jabeek

Guaixe 2011ko urriaren 27a

Altsasuko hego-mendebaldean dagoen Dermaun industrialdea (70.000 m2) egiteko asmoa 2003an abiatu zuen Altsasuko Udalak. Auzi-bide luzeak udalari arrazoia eman ondoren, legegintzaldi honetan Altsasuko Udalak berriro tramitazioari heldu dio, kooperazio sistemaren bidez. Asmo horri Dermauko lurjabeen %71,1k alegazio bateratua aurkeztu dute udalean.Lurjabeek haien alegazioan zalantzan jarri dute egitasmoa interes orokorrekoa eta herriarendako estrategikoa denik. Horretaz gain, lur-sail eskaerarik ez dagoela ziurtatu dute. Alegazioa aurkeztu duten lurjabeen iritziz sektorea ekonomikoki ez da bideragarria. Metro karratuaren urbanizazio kostuak 120 eta 150 euro artean leudekeela azaldu dute. Garesti litzateke edozein jarduera ezartzeko eta Urdiain-Altsasu industrialdeko kostua txikiagoa dela ziurtatu dute.Mozioak Atzo Altsasuko Udalak hainbat mozio onartu zituen. Nafarroako Gobernuak udalei egiten dien diru-laguntzen ekarpenaren murrizketa salatu zuen batean. NaBaik aurkeztu zuen eta Bilduren, IUren eta PSNko Javier Donlo zinegotziaren babesarekin onartu zen. Bilduk, bestalde, 400 kV-eko argindar linea egitasmoaren kontrako mozioa aurkeztu zuen, bere eta IUren babesaz onartu zena. NaBaiko bi zinegotzi abstenitu egin ziren eta beste bik kontrako boza eman zuten. Udalean ordezkaritza duten hiru koalizioen botoekin Espainiako Auzitegi Nazionalean heldu den astean epaituko diren 9 nafarrei elkartasuna adierazi zien udalak.