Festen balorazioan udalak poza eta herriko taldeei eskerrona azaldu die

Guaixe 2011ko urriaren 27a

Hilaren 20an herri batzarra egin zen Juan Carlos Orellana Bengoetxeak, Parte hartze eta festa batzordeko lehendakariak deituta, festen balorazioa egiteko. Festen martxa aztertu zuten eta aurtengo festetarako jarritako helburuak bete zirela ondorioztatu zuten.Orellanak bere esker ona adierazi nahi die aurtengo festetan esku hartu duten eragileei. Aurreko urtetako festek erakargarritasuna galdu zutela eta aurtengoak, aldiz, eredugarriak izan direla aipatu du. "Oraindik ere herritar askok "ihes" egiten dute festetan, baina hau da jarraitu beharreko bidea, elkarlanarena eta parte-hartzearena alegia".Balorazioan jaso denez, helburuak betetzeko hartutako neurriak eta festen egitaraua prestatzeko erabilitako metodologia "ezinbestekoak" izan dira altsasuarren parte hartzea lortzeko.Jarritako helburuakAltsasuarren parte hartzea handitzeko, egunean zehar ospatzen ziren ekitaldien kopurua handitu zen jardueren eskaintza 11:00ak eta 22:00ak bitartean  kontzentratuz. Jendearen parte hartzea sustatzeko ikuskizunak beharrean bestelako jarduerak programatu ziren: festan eztanda herriko talde guztien parte-hartzearekin edota  larrain dantza eta zortzikoaren ordu aldaketak.Horrekin batera haur eta gazteei zuzendutako eskaintza handitu zen, horretarako haurrei zuzenduriko tailerrak eta publiko guztietarako jarduerak antolatu ziren egun guztietan goiz eta arratsaldez.Bestalde, udal zerbitzu guztien parte-hartzea bilatu zen festan antolaketa eta produkzioan kostuak murrizteko eta zerbitzuak ikusgai egoteko. Hala,  udalak langileak kontratatuko zituen kale garbitzeko eta haur tailerretan monitore izateko. Eta, bestetik, musika eskolak, kirol zerbitzuak eta gaztedia zerbitzuak jarduerak antolatuko zituzten. Orellanak festen antolakuntzarako erabilitako baliabideen arrazionaltasuna azpimarratu zuen, "izan ere aurten aurrekontua %6 gutxitu bazen ere festa egunetan 80 jardueratik gora izan dira".