Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Trasteando taldeak Extremadurako bidea hartuko du gaur. Gitarra jole eta abeslariek kontzertu bana eskainiko dute Caceresko bi herritan, Alisedan eta Zarza la Mayorren. Altsasuarrek gogotsu hartu dute Extremadurako bidaia. "Duela bi urtetik buruan genuen ideia" esan digu Cruz Marik. Altsasuar askok eta askok Extremaduran dute jatorria edo han sortutakoen ondorengo dira. Hori da Trasteando taldeko zenbait musikariren kasua. Haien arbasoen lurraldera eraman nahi izan dute beraien musika. Altsasutik AlisedaraSakandarrek bihar, larunbatean eskainiko dute Extremadurako lehen kontzertua, Alisedan, Caceres hiritik gertu. "Ez da kasualitatez aukeratutako herria. Aliseda Altsasuren Extremadurako "herri bikia" dela esan daiteke, biek ere esanahi bera baitute: haltza asko dagoen tokia" azaldu digu Cruz Marik. Gainera, duela hamarkada batzuk zenbait alisedarrek Altsasurako bidea hartu zuten bizimodu hobeagoaren bila. Orain arte, izenak eta historiak batu ditu Extremadurako eta Nafarroako bi herriak. Bihar Trasteando taldearen musikak anaituko ditu. Altsasuarrek ekitaldi xume baina berezia eginen dute. Trasteando taldearen birak igandean jarraituko du. Zarza la Mayor herrian abestuko dute, Portugalgo mugatik gertu. Sakandarrek abesti ezagunak, gitarra eta perkusioa lagun: euskal abesti herrikoiak, 60ko hamarkadakoak, gaztelaniazko abesti klasikoak eta abar. Extremadurarako bereziki prestatutako abestiak ere eskainiko dituzte. Turismoa eta familiaTrasteando taldeko 14 kidek eta laguntzaileek Extremaduran pasako dute Domu Santuko zubia. Bi kontzertuen ondoren, astelehena turismorako eta atsedenerako eguna izanen dute. Caceres hiria ezagutuko dute, eta zenbaitek Extremadurako familia bisitatuko dute. Litekeena da bidean zenbait altsasuarrekin topo egitea. La Encina Extremadurako kultur elkarteak ere bidaia antolatu du eta, antza, zenbait altsasuarrek Alisedara joateko asmoa azaldu dute.