Musika eta umorea perkusioaren erritmoan

Guaixe 2011ko urriaren 28a

Bihar Altsasura iritsiko da Sensormen ikuskizun erritmiko arrakastatsua, kultur gune ezagunenak leporaino bete dituena. Perkusio-ikuskizunak modan dauden garaian, Yllana konpainiak eta Bulbulek ekarpen berezia egin dute. Yllanak keinu bidezko umorea jarri du eta Bulbulek efektu erritmiko teknologikoak. Bien artean ikuskizun dibertigarri eta berritzailea sortu dute. Sensormen ikuskizuneko protagonistak lau erdi-zientzialari ero dira. Erritmoan adituak dira eta esperimentuak egiten dituzte sentsorez beteriko aparatuekin. Haien bidez erritmo, abesti eta argiak sortu nahi dituzte. Azken helburua zera da: gizakiaren eta sentsorearen arteko hibridoa sortzea, alegia, Sensorman. Yllanak maisutasunez erabiltzen ditu mugimenduak, sorpresa eta soinuan. Bulbulek, berriz, teknologiaren bidez mugimenduaren, gorputzaren eta objektuen bidez soinua sortzeko aukerak bikoiztu egiten ditu. Gag umoretsuak eta teknologia batuz, irudi barregarriak sortuko dituzte: aulki eta erratz musikariak, ezkila ikusezinak, flamenko-kaxa ikusezinak, laser-izpien arpa eta abar. Emanaldiak ikusleak barrez jartzeko osagai paregabeak ditu: musika geldiezina, erritmo bikaina eta umorea.Ikuskizun arrakastatsua Sakanan ikusteko aukera dugu, Altsasuko Udalak kostuak murrizteko Noain eta Arangurengo Udalekin batera programatzeko elkarlanari esker.