Atzotik domekara arte onddoez prestatutako pintxoak dastatu daitezke 8 tabernetanXurrutek, Altsasuko tabernen elkarteak, Onddoen Astea antolatu du. Gure basoetako produktu horrekin prestatutako pintxoak dastatzeko aukera eskaini dute tabernek. Xurrutetik adierazi digutenez, "Altsasun onddoaren kultura bat dago: jendeak zizak biltzen ditu, eta etortzen dira. Onddoekin lotuta jendeari zerbait eskaintzea otu zitzaigun".
Gautxori, Lurrazpi, Arkangoa, Lezea, Koxka, Xume, Urtzi eta Biltoki tabernetan dago gutizi gastronomiko txikiak dastatzeko aukera. Pintxo bana bakoitzean eta guztiak bi eurotan. Lehen pintxoa eskatzearekin batera tabernariek txartel bat emanen dute. Hartan onddo astean parte hartzen duten zortzi tabernen izenak daude. Zortzi pintxoak dastatzen dituenak txartelean tabernaren zigilua jaso eta bere datuekin batera ematen badu zozketa batean parte hartuko du.
Altsasuko makina bat dendek lagundu dute antolaketan eta haiek emandako loteen zozketa eginen du Xurrutek. Xurrut elkarteak estreinakoz antolatu du Onddoen Astea. Elkartearen asmoa altsasuarren artean tokia egitea litzateke, "maiatzeko Gurutzeko edo Alde Zaharreko festen aurreko pintxo astea bezala".
Pintxoak
Gautxori: onddo tostada oporto erara, txindila purearekin.
Koxka: onddo tartaleta, foierekin.
Urtzi: onddo flana cherry kabiarekin, gazta saltsaz lagunduta.
Lurrazpi: onddoak, gari-zainzuri, orburu eta patata panaderaz lagunduta.
Xume: Makailu eta onddoz betetako kataifi saskia.
Biltoki: Kuia, arraia eta onddoa paperezko tarrinan.
Lezea: Kuia, berenjena eta onddo milorria boletus bexamelarekin eta onddoen pastel hotza.
Arkangoa: onddo, rape eta foie milorria saltsan.
Laguntzaileak:
Kirru, Xabier Uribe eta Lopez de Goikoetxea harategiak; Mª Eugenia Arraindegia; Mari Nati eta Irati fruta dendak; Portuko eta Amaia okindegiak; Solar Viejo eta Beronia ardoak eta Aliprox.