Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Zubia amaituta, atzera ere bueltan da Altsasuko Trasteando taldea. Baina asko da Extremaduratik ekartzen dutena, baita haiek Extremaduran utzitakoa ere. Sakanako musikariek kontzertu bana eskaini dute Caceresko Alisedan eta Zarza la Mayor herrietan. Bi herrietan "harrera beroa" egin diete. Kultur etxeak bete-beterik ageri ziren eta herritarrek gogotsu hartu zuten sakandarren kontzertua. "Errepertorio alaia haien gustukoa izan zen, Extremadurako abestiak batez ere, baina baita immigrazioari buruzko Itsasontzi baten euskal kanta eta halakoak ere" azaldu digu Cruz Marik. Kontzertuen amaieran, ekitaldi xume bezain bereziak egin zituzten, Extremadurako herrien eta Altsasuren arteko nolabaiteko senidetzeak. Ekitaldian parte hartu zuten Extremadurako herrietako alkateek, Altsasuko alkate ohi Unai Hualdek eta La Encina kultur elkarteko Jesus Cidonchak. Immigrazioak Altsasu eta Extremadurako herriak batu zituela azpimarratu zuten. Bestalde, Aliseda eta Altsasuk jatorri etimologiko berria zutela azpimarratu zuten, batek gaztelaniaz eta besteak euskaraz. Agintariek zapiak eta liburuak trukatu zituzten.Altsasuko musikariek bi herriak eta inguruak ezagutzeko aukera ere izan zuten. Orokorrean, pozik itzuli dira Extremaduratik. Cruz Mariren hitzetan "musikalki, kulturalki eta harremanen aldetik bidaia aberasgarria izan da".