Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Testu Bazkaren laugarren ikasturtearen hasieran Anjel Lertxundi idazlea dute oinarri. Azaroaren 16an hark idatzitako obren pasarteak landuko dituzte azken aldiz. Altsasuko Kima euskara taldeak euskarazko literatura lantzera animatzen ditu sakandarrak. Interesatuek izena eman behar dute bezperarako (altsasuneuskaraz@euskalerria.org helbidedean, Altsasuko liburutegian edo Itsasi euskaltegian).Testu bazka lagundutako irakurketa bat egitean datza. Euskaraz idatzitako testu labur bat irakurtzearekin hasten da saioa. Irakurri ondoren, saioaren gidariak proposatutako galderen bidez, guztien artean, testuari mamia, zukua, sekretuak, egitura eta beste ateratzen saiatzen dira. Denak abantailak dira: euskaraz idatzitako lanak ezagutzeko aukera eskaintzen du; ez da etxerako lanik izaten, aurretik ez delako ezer irakurri behar, saioan bertan irakurtzen dira pasarte labur batzuk; saioak ez dira oso luzeak izaten eta, gainera, saio guztiak independenteak dira. Urtez urte lagun gehiago animatzen dira literatura saiora. Aurten bi lagun batu dira seiko lagun taldera.