Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Larunbatean loteriaren azaroko zozketa egin zen eta zortea Altsasura etorri zen. San Joan kaleko 1. saltokiak 3. sariari dagozkion 100.000 euro banatu zituen. Saltokiko arduradun Iñigo Imazek azaldu digunez, 12 euroko 20 dezimo saldu zituzten, astelehen eta ostiralean. "Duela sei bat hilabete hartzen hasitako zenbaki finko bat da saritutako 43.072". Saria jende askoren artean banatu dela azaldu digu Imazek, eta txartel bakoitzeko 5.000 euro atera dituzte. Imazek esan digunez, "duen tamainarako, Altsasun loteria tokatzen da". Sariei dagokienez, aurrekariak hauexek dira: 1963an gabonetako loteriako sari nagusia banatu zuen 1. saltokiak, 37,5 milioi pezeta. 1996ko ilbeltzaren 27an, 2. loteria saltokiak 820 milioi pezeta banatu zituen. 2006ko otsailaren 2an, 1. saltokiak 180.000 euroko saria partitu zuen. 2006ko lastailaren 6an 1. saltokiak, sari nagusiarekin, 10,6 milioi euro banatu zituen. 2007ko apirilaren 21ean 1,2 milioi euro banatu zituen eta beste horrenbeste 2010eko martxoaren 13an Altsasuko 2. saltokiak. Bestalde, 2009ko apirilaren 20an bonolotoaren zozketan 5 zenbaki eta osagarria asmatu zituen bezero batek 64.143,08 euro eskuratu zituen. 2008ko otsailaren 12an, 14ko kiniela bat zigilatu zuen pertsona batek 51.638 euro eskuratu zituen. Guztiak ere 2. saltokian.