Lourdes Goikoetxea industria kontseilariak gaur goizean jakinarazi du Sunsundegui Sodena enpresa publikoarena dela. Azaroaren 10ean erosi zuen Sodenak Burnizko SA euro baten truk. Enpresa horrek Suncove SA eta Suministros y Servicios Unificados de Carroceria SL hartzen ditu bere baitan %100ean, eta biek osatzen dute Sunsundegui taldea. Goikoetxeak argitu du Sunsundegui orain ez dela enpresa publiko bat. "Enpresaren egoera duela hilabete bateko bera da". Kontseilariak berak argitu du sozio industrial baten bila dabilela Nafarroako Gobernua. Diario de Navarrak lastailaren 27an argitaratu zuen gobernua Castrosua enpresa galiziarrarekin harremanetan zela. "Hori argitaratzea negoziaziorako oso negatiboa izan da, eta enpresak praktikoki aukera baztertu egin du". Goikoetxeak azaldu duenez, Castrosuak hirirako ibilgailuak karrozatzen ditu eta Sunsundegui eskuratuz gero ibilbide luzeko autobusen merkatura eginen luke salto. "Baina krisiagatik berregituraketa batean daude eta hau jakitea ez zen batere desiragarria". Horregatik, delikatuak eta serioak izatea eskatu zuen, "jende askoren lanpostuez hitz egiten ari gara". Kontseilariak esan du "pena" dela halakoak gertatzea. Beste ateren bat ere zabaldu dela aurreratu du, "baina gaiari zein konponbide ematen zaion aztertzen ari gara. Norbait ateratzeko borroka eginen dut". Goikoetxeak berretsi du Nafarroako Gobernuaren asmoa ez dela Sunsundeguin betiko gelditzea. "Independente eta autonomoa izan behar du. Eskualdea egoera okerrean zegoelako eta produktu ona zelako lagundu zen". Bere garaian langileei egindako proposamena berretsi du, "haiek prest badaude ekonomia sozialeko proiektu bat bulkatzeko, gobernuaren babesa izanen dute".