Musikal ezagunenak ikuskizun bakarrean

Guaixe 2011ko azaroaren 18a

Sandra Dominguez sopranoak eta Iñigo Irigoien tenoreak zuzenean abestuko duteGarai batean bezala, musikalak hirietako antzoki ezagunenak betetzen ari dira. Musikalen urrezko aroaren berpizte honetan Sandra Dominguez sopranoak eta Iñigo Irigoien tenoreak ikuskizun berezia prestatu dute. Zine eta antzokiko musikal ezagunak gogora ekarriko dituzte ikus-entzunezko emanaldi hezitzailean. Bi abeslariek Francesca Croccolino piano-jolearen laguntza izanen dute. Ikuskizun musikal arrakastatsua antzokiz antzoki dabil Nafarroan barna. Bihar Altsasura iritsiko da. Musika ikuskizunaSandra Dominguez sopranoarekin eta Iñigo Irigoien tenorearekin musikalen bidaian murgilduko gara. Azken urteetako musikal arrakastatsuak eta klasikoen artean klasikoenak entzuteko aukera izanen da. Bidaia horretan barneratzen lagunduko digu narratzaile batek, argumentua eta anekdota bereziak kontatuz. Irudien proiekzioek ere istorio bakoitzean kokatuko gaitu. Dena den, bidaia lagun onenak Sandra Domingez sopranoaren eta Iñigo Irigoien tenorearen ahots bikainak eta kalitatezko antzezpenak izanen dira.Francesca Croccolinoren pianoak emanen dio hasiera ikuskizunari. Jarraian, azken urteetan antzokiak bete dituzten musikalak eskainiko dituzte bi abeslariek: We will rock you, Mama mía, High school eta Mouling Rouse. Ondoren, musikalen urrezko urteetako melodiak etorriko dira: Sonrisas y lagrimas, My fair lady, Love story, Cats, Chicago, Dirty dancing, West side story... Klasikoekin amaituko dute ikuskizuna: Singing in the rain, New York, Cabaret eta beste. Sandra Dominguezek eta Iñigo Irigoienek Pablo Sarasate Nafarroako Goi Mailako Kontserbatorioan egin dituzte kantu ikasketak. Besteak beste, Iruñeko Orfeoiko abeslariak izan dira, eta bakarlari bezala, Nafarroako zenbait zartzuela eta operatan parte hartu dute.