Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Konfidentzialtasun faltagatik Castrosua talde galiziarra Sunsundegui erostea baztertu duela jakiteak sindikatuen erreakzioak sortu ditu. ELAk azaldu du horrek Sunsundeguiko 220 langileen etorkizuna arriskuan jartzen duela eta horren ardura filtrazioa egin dutenei leporatu die. Gobernuari zuzenduta, ELAk Sunsundeguin enplegua bermatzeko "ahal duen guztia" egiten segituko duela esan du, "baina ezin dugu prozesuan dauden beste batzuen arduragabekeriaren eta hitz-jarioaren kontra borrokatu". Gobernuari zuzenduta, ELAk esan dio ez dezala gertaera hori heldu leku gisa hartu langileak eta Altsasurako dituen inbertsio konpromisoak bazterrean uzteko. LABetik enpresak bizi duen egoerarekin "kezka" azaldu dute. Prentsara egindako filtrazioagatik ardurak eskatzea eta hala badagokio garbitzea eskatu du sindikatuak. LABek kontseilariari exijitu dio egoera argitu dezala eta lantegiaren etorkizunaren berri langileei emateko. "Sodenaren bidez Nafarroako Gobernuak Sunsundeguin egiten duen kudeaketaren inguruan gardentasuna eskatzen dugu". Langileendako behin betiko konponbide iraunkorra eskatu du. Enpresa batzordeko beste sindikatuek LABek duena baino informazio gehiago badute partekatzeko eskaera egin du.