Emakumeen autonomia eta independentzia bermatzeko bitartekoak eskatu dituzte feministek

Guaixe 2011ko azaroaren 23a

Etzi emakumeenganako indarkeriaren aurkako eguna izanen da. Indarkeria egoera horri erantzuna mugimendu feministak baino gizarte osoak erantzun behar diola uste dute Altsasuko Feministak eta Bilgune Feministak. Horretarako "aldaketa estruktural eta sakonak" eskatu dituzte, "gizonek emakumeekiko dituzten botere erlazioak suntsituko dituztena". Emakumeen kontrako erasorik gabe bizi ahal izateko erakundeei "neurri eta zerbitzu zehatzak eskatzen dizkiegu: etxebizitza alternatiboak, diru-laguntza gehiago, lan aukerak eta berehalako asistentzia juridikoa eta psikologikoa". Emakumeen autonomia eta independentzia bermatuko duten medioak eskatu dituzte. Hala ere, feministek argi dute "neurri guztiak gizartearen kontzientzia hartzearen eta mobilizazioaren ondorioz etorri behar dutela diote, "gizartearen estruktura eta balore aldaketan datzalako soluzioa".Egungo egoeraAltsasuko Feministak eta Bilgune Feministak "indarkeria sexista lehen mailako auzitzat" dute. Feministen iritziz "indarkeria matxista, arazo sozial, politiko eta kulturala da, botere eta zapalduaren harremanetan oinarritzen dena. Kasu honetan gizonak emakumeengan sortzen duten zapalkuntzaz ari gara". Bi talde feministek nabarmendu nahi izan dute indarkeria sexista ez dela "kasu isolatuetara mugatzen, bakar batzuei gertatzen zaiena, edo atzerritarrei, edota bikotean arazoak dituztenei, eta ez dira norberaren sufrikarioak". Feministek azpimarratu nahi dute emakumeen aurkako biolentzia estrukturala dela. "Era askotan, arlo guztietan eta egitura sozial, juridiko, politiko eta ideologiko guztietan dago presente". Feministen ustez horren guztiaren ondorioa da "emakumeen herritartasuna praktikan jartzea geldiarazi eta oztopatzen da". Horrekin batera emakumeen gorputzaren kontrola egiten dela salatu dute. EgitarauaGaur, 19:00etan Altsasuko Iortia kultur gunean film laburren emanaldia. Azaroaren 25ean, ostiralean, kontzentrazioak Etxarri Aranatzen, 18:00etan, eta Altsasun, 19:00etan.