Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aurreko ostiralean LAB sindikatuko 25 bat delegatu bildu ziren Altsasuko Lastai SL gasolindegian. Sindikatu abertzaleko kideek salatu zutenez, Avia kateko gasolindegian lan egiten duten pertsonak, guztiak ezgaitasun bat dutenak, "uneoro tratu iraingarria jasan behar izaten dute". Horrek baja kopuru handia ekarri duela eta hiru langilek enpresa Nafarroako Lan Osasun institutuan salatu dutela jakinarazi zuen LABek. Beste langile batzuk kaleratuak izan direla edo joan egin direla azaldu dute sindikatutik. Aldi berean, sindikatu abertzaleak jakinarazi du langileek ez dutela lan egutegirik, neurri gabeko lan jardunaldiak dituztela eta lanpostuetako zereginak langileen ezgaitasunak kontuan hartzen ez dituela. Horregatik, LABek Nafarroako Gobernuari exijitu dio ezgaituen eskubideak bermatuko dituen neurriak har ditzala. Avia gasolindegi kateari eta jabeei, berriz, egungo kudeatzaileekin dituzten harremanak eteteko exijitu du. Enplegu-zentro bereziaGaragarrilaren 1az geroztik du Altsasuko gasolindegiak izendapen hori. Zazpi langile ditu. LABek aurreratu duenez, 10 bat langile pasa dira handik. Hilean 869 euro kobratzen dituzte. Enpresak soldata horretatik 548 euro jartzen ditu eta gainontzekoa diru-laguntzen bidez osatzen da. Kolektibo horrendako lan aukera gutxi daudenez, LABek Lastai enplegu-zentro berezia izaten jarraitzea nahi du, "baina baldintza duinetan". Gasolindegiko kudeatzaile Teodoro Rodriguez Fidalgok azaldu digunez, "inork erreklamaziorik badu epaitegian egin dezala. Arrazoirik badu hara jo behar du salaketa egitera". Kudeatzaileak esan digunez, "jendeak bete behar batzuk ditu. Kontraprestazio batzuk eskatzen dizkiogu jendeari, lan egitea". Rodruiguezek esan zuenez, kontabilitatean justifikatzen ez diren deskuadratzeak izan ditu. Esan zuenez halakoak ohiko bihurtzen direnean langileren bat kaleratu eta bidegabeko kaleratuari dagokiona ordaindu izan dio. Bestalde, bere kontra toki publikotan esandako irainengatik epaitegian salaketa jarria du. Mehatxuak jaso izan dituela ere gehitu zuen. TentsioaLABek egoera salatzeko kontzentraziorako baimena eskatu zuen. Baina baimendutako tokian ez zegoela esanez, Foruzainek errepidearen bestaldera eraman nahi izan zuten, edo bestela bertan behera protesta uzteko eskatu zuten. Tentsio uneak izan zirela jakinarazi digute sindikatutik eta poliziek kontzentraturen bat iraindu zutela ere. Elkarretaratzea aurreikusi baino lehen bukatzea erabaki zuten.