Berriobeitiko literatura saria Altsasura

Guaixe 2011ko aza. 29a, 18:27

Berriobeitiko Udalak III. Literatur Lehiaketako sariak banatu zituen ostiralean. Euskarazko kategorian Izaskun Etxeberria nagusitu da Lepoa erakusteko eskatu zion lanarekin. Altsasuarrak 1.500 euroko saria irabazi du. Gaztelaniazko saria Asturiasera joan zen: Carolina Fernendezek irabazi zuen. Herritarren lanak ere saritu zituzten. Berriobeitiko Udalak saritutako lanak argitaratuko ditu. Lehiaketan parte hartzea handia izan da: denera, 214 narrazio aurkeztu dira lehiara. Hori dela eta udalak lehiaketa antolatzen jarraitzeko asmoa azaldu du. Aurtengoa Berriobeitiko literatura lehiaketaren 3. edizioa zen. Urtez urte aldatu egiten dute lehiaketaren gaia. Edizio honetan narrazio erotikoak aukeratu dituzte. Izaskun Etxeberriaren Lepoa erakusteko eskatu zion idazlana mende hasierako kostaldeko herri txiki batean kokatu du istorioa. Plazerra ezagutzen ez zuen neskaren istorioa kontatzen du. Epaimahaiak idazlan sujerentea zela azpimarratu zuen, "erotismo handikoa, baina aldi berean fina".Epaimahaia Berriobeitiko Udaleko ordezkari Jose Mari Irisarri eta Arantzazu Algaratek eta Castillo Suarez, Mikel Taberna eta Angel Erro idazleek osatu zuten. Lehen lehiaketan sariaIzaskun Etxeberriaren ibilbidea literaturari lotuta dago. Guaixe astekariko literatura kolaboratzaile izan dugu eta gaur egun Altsasuko Kima euskara taldeak antolatutako Testu bazka gidatzen du. Altsasuarra Jaso ikastolako irakaslea da. Joan zen ikasturtean amaitu zuen Bergarako Idazle Eskolako graduondokoa. Literatura asko landu duen arren, inoiz lehiaketa batera aurkeztu gabea zen. Aurten eman du urrats hori "lagunek animatuta". "Nire burua neurtzeko modua da" azaldu digu. Lehen lehiaketak saria eman dio. Altsasuarrak "sorpresa handiarekin" hartu zuen berria. Esperientzia "polita" dela azaldu digu. Horregatik, "idazten jarraitzeko eta lehiaketetara aurkezteko motibatuta" dagoela dio.Narrazioa entzuteko: http://www.info7.com/2011/11/07/bergarako/