Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Altsasuko Zubeztia elkarteak antolatutako Herri Lasterketak edo Alberto Barricarte memorialak 31. edizioa izango dute aurten. Proba herrikoi hau, ohi denez, abenduaren 8an jokatuko da, osteguna 11:30ean. Festa eguna da, eta askorendako egutegian gorriz markatutako urteroko zita, San Silvestrearekin batera urteko azken hitzordua izaten baita Sakanako eta kanpoko korrikalariendako.Altsasu herri gunean prestatutako zirkuituaHerrian barna antolatutako zirkuituari lau buelta eman beharko dizkiote korrikalariek, guztira 12,4 km osatuz. Goizeko 11:30ean abiatuko da lasterketa, Zubeztia elkartearen albotik, Foruen Plazatik, eta Ferial eta Lapurbide kaleetatik barna Larrainbidera helduko dira korrikalariak, Zubeztia kalea pasa eta gero Zelai kalea igotzeko. Zelai kaleko goialdean buelta hartu eta Isidoro Melerorantz joko dute lasterkariek, Araba eta Idartzagain kaleetatik Auzobidera heltzeko, eta handik Alzania kalea hartzeko. Alzania kaletik San Juanera iritsiko dira korrikalariak eta bertatik Zubeztia elkartera joko dute, udaletxe aurrera, hura izango baita helmuga. Aipatu zirkuituari lau buelta eman eta gero despedituko da proba.Izena ematea egunean bertanIzena ematea dohainik izanen da eta egunean bertan egin ahal izango da, lasterketa baino lehen. Bi kategoria izanen dira: 18 eta 39 urte arteko emakumeak eta gizonak, eta 40 urtetik goragoko emakumeak eta gizonak. Bukaeran Zubeztia elkarteak hartuko du sari ematea, eta bildutako guztiendako auzate ederra izanen da. Pasa den urtean parte-hartzea zerbait jaitsi bazen ere, txoko guztietatik etorritako 189 korrikalari aritu ziren lasterketan.Sakanako atletismo kopako azken lasterketaLasterketa honekin, gainera, Sakanako atletismo kopari bukaera emango zaio. Oraindik behin-behineko sailkapena dagoenez, azken lasterketa honetan erabakiko da zeintzuk izango diren kopako txapeldunak.