Barandiaranek Ovalde euskarara ekarri du

Guaixe 2011ko abenduaren 1a

Vera Candidaz dakidana. Hori da Alberto Barandiaranek itzuli duen liburuaren izenburua. Veronique Ovalde idazleak sortu zuen istorioa frantsesez. Orain, Altsasuko idazleak euskal irakurleen esku utzi du. Alberdaniak argitaratu du.  Hiru belaunaldik bat egiten dute Ovalderen istorioan. Rosa Bustamente, Violette, Vera Candida eta Monica Rose dira protagonistak. Karibeko hondartza baten aurrean eraikitako etxola batean bizi dira. Nortasun handiko amonak, alabak eta bilobak independentziari eutsi nahi diote, patuaren eta gizartearen aurka. Bortizkeria oso presente dagoen ezinbesteko lekua du maitasunak: "maitasuna da emakumeek mundu bortitzari aurre egiteko duten bide bakarra" azaldu zuen Alberto Barandiaranek liburuaren aurkezpenean. Alberto Barandiaranen hitzetan Vera Candidaz dakidana "liburu berezia" da. "Hego Amerikako literatura dakar gogora, Garcia Marquez, Allende edo Serranoren estiloa. Idazteko modu berezia du, batzuetan barrokoa. Istorio zirkularra kontatzen du, irakurlea harrapatzen duena" esan digu Barandiaranek. "Ovaldek elkarrizketa luzeak egiten ditu, ia punturik gabekoak. Bestalde hizkuntza aberatsa du. Itzultzailearen erronka egilearen estiloa euskarara ekartzea da, era erakargarrian" azaldu du. Hori izan da bere lana.Veronique Ovalde idazle gaztea (1972an jaioa) Frantziako literatur izar berrietako bat da. Gure artean ez da oso ezaguna, gaztelaniara eta euskarara itzuli gabe zegoelako. Bi hizkuntzetara ia aldi berean itzuli dute. BiografiaAlberto Barandiaran altsasuarrak Historia ikasketak ditu. Lanbidez kazetaria da, baina azken aldian idazle lanetan jarri ditu indarrak. Zenbait liburu argitaratu ditu: Mundu txikia (Susa, 2005) narrazioa, Ez zaigu ahaztu (Susa, 1998) eta Postkronikak (Elkar, 2009) kronikak, Gaizkileen faktoria (Egunkaria, 2000) eta Veleia afera (Elkar, 2010) saiakerak eta Dolores Ibarruri Pasionaria (Elkar, 2008) biografia. Rikardo Arregi eta Argia kazetaritza sariak jaso ditu 1995ean eta 2008 urteetan hurrenez hurren. Liburu bildumari Vera Candidaz dakidana liburua gehitu dio, altsasuarraren lehen itzulpen literarioa. Altsasuarrak lan gehiago ditu esku artean, beraz, liburu zerrenda sarri haziko da.