Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Altsasuko Iortia kultur guneko erakusketa gela kolorezko margolan ederrez bete da. Koldo Arnanzen tailerreko ikasleen lanek apaintzen dituzte hormak. Altsasuko artistak urteak daramatza margotzeko trikimailuak erakusten. Sakanan eta inguruko aranetan margolari harrobi ederra sortu du. Joan zen ikasturtean tailerrean izandako ikasleak margo erakusketan parte hartzera gonbidatu ditu. Haurrek eta helduek primeran erantzun dute.Iortia kultur gunean hamaika estiloko margolanak ageri dira. "Ikasturtean barna, ikasleei margo teknikak irakasteko zenbait lan proposatzen dizkiet. Hortik aurrera, gaia eta estiloa aukeratzeko askatasuna ematen diet. Ikasle bakoitzak bere bidea egiten du" azaldu digu Koldo Arnanzek. Askatasun horretatik abiatuta, sormen aniztasuna erabatekoa da. Asteartean mustu zuten arte erakusketa Ziordiko abeslari batzuek girotuta. Bertan egon ziren erakusketako protagonista nagusiak, margolariak, eta haien lagunak. Erakusketa Iortia kultur gunean egonen da abenduaren 11ra arte.