La Kinky Beat Altsasun

Guaixe 2011ko abenduaren 2a

Isunari aurre egiteko dirua atera nahi daAltsasuko Gazte Asanbladak kontzertu berezia antolatu du astebururako, berezia bi arrazoiengatik: batetik, La Kinky Beat dub machine taldearen mailagatik, eta bestetik, altsasuar gazte bati ezarritako isunari aurre egiteko helburua duelako. Kontzertuaren aurretik, 21:00etan, herri afaria eginen da gaztetxean. Izena eman daiteke gaztetxean bertan edo ohiko lekuetan. Bartzelonako La Kinty Beat taldea zenbait egitasmoren fusioaren fruitua da. Taldea Mataharyk eta Willy Fuegok (ahotsak) Donatok (baxua), Gerardek (bateria), Manelek (perkusioa) eta Madjidek (gitarra) osatzen dute. Bandaren lehen maketak Radiochango.com eta Radio France nazioarteko sariak irabazi zituen 2003an. Haren atzetik hiru disko etorri dira zein baino zein animatuagoa eta parte hartzaileagoa. 2003an eman zuen lehenengo emanaldia eta orduz geroztik ez da gelditu. 100 kontzertutik gora eman ditu, horietatik asko eta asko Europan barna. Zuzeneko bizi-biziak ditu, erritmo eta energia handikoak. Rock steady eta rocka, punk rock indartsuarekin tartekatzen dute. Reggae eta musika beltzaren eragina ere badute. Rudeman DJak taldearekin bat egin zuenetik musika elektronikoak pixu handiagoa du. Musika estiloetan bezala, hizkuntza aniztasuna nagusitzen da: ingelesez, gaztelaniaz eta italieraz zabaltzen dituzte mezuak.  Argitaratu berri dute Massive underground laugarren diskoa. Mestijazeak mugarik ez duela erakutsi dute orain arteko musika estiloei drum and bass, reggae eta duba gehituz. Taldearen bertsio murritzak dub kontzertuak eskainiko ditu. Diskoaren aurkezpen bira Altsasura iritsiko da bihar.