Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
NaBaik eta Bilduk eskatuta, asteazkenean Parlamentuko Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Batzordean agerraldia egin zuen Lourdes Goikoetxea kontseilariak. Sunsundeguirako gobernuak proposatu dituen hiru aukerak errepikatu zituen Goikoetxeak: bazkide industriala sartzea, egungo zuzendariek bere gain hartzea edo langileek kooperatiba bat edo SAL bat osatzea.Kontseilariak nabarmendu zuen gobernuak aurreneko aukeraren alde ari dela, bazkide bila. Baina zaila dela berretsi zuen, "ez dago bazkide aukera handirik". Bide batez, jakinarazi zuen enpresa batzordeari ANEL-ekin hitz egiteko aholkatu ziela. Bazkiderik agertzen ez balitz beste aukera bat izateko. Bere jarduna lanpostuak mantentzeko izanen dela ere gaineratu zuen.Autobus elektrikoak Tafalla aldean eginen dituen Foton enpresa txinatarraren inguruan, Goikoetxeak gogora ekarri zuen enpresaren eta gobernuaren artean dagoen elkarlan akordioaz, enpresen arteko elkarlana aipatzen duena. Sunsundeguik, bestalde, produktu berria ia bukatuta duela aurreratu zuen.TaldeekNaBaiko Manu Aierdik eskatu zion Sunsundegui gobernuaren esku dagoen bitartean ahalik eta kudeaketa eraginkorrena egiteko, "orain arte galera handiak izan direlako". Castrosuak Sunsundegui prentsara egindako filtrazio bategatik erosi ez izana kritikatu zuen. Bilduko Bikendi Barearen irudikoz filtrazio egilea UGT izan zen. Eta salatu zuen sindikatu batzuk talde parlamentarioek baino informazio gehiago izatea.UPNko Mª Isabel Garcia Malok lanpostuak eta jarduera ekonomikoa mantentzeko ahalegina nabarmendu zuen. Gobernuaren inplikazioa betiko ezin zela izan nabarmendu zuen, "horrela ez litzatekeelako enpresa guztiak berdin tratatu". Indar politikoei beste proiektu batzuetarako babesa ematea eskatu zien, Portland aipatuz. PSNko Samuel Carok UGTren defentsa egin zuen eta enpresa aurrera ateratzeko aukerak nabarmendu zituen. PPko Ana Beltranek babes guztia adierazi zion kontseilariari. Azkenik, E-Iko Miguel Nuinek filtrazioak ekiditeko informazioa norekin partekatzen duen kontuz ibiltzeko aholkatu zion kontseilariari, bere jardunari babesa azaltzearekin batera.