Itziar Nazabalen tailerretik erakusketa gelara

Guaixe 2011ko abenduaren 14a

Itziar Nazabalen margo tailerreko ikasleek joan zen ikasturtean egindako margolanak eskegi dituzte Iortia kultur gunean. Erakusketak astelehenean ireki zituen ateak, eta Iortia kultur gunean egonen da abenduaren 23ra arte. Erakusketa gelan denetariko margolanak ikusteko aukera dugu: ohiko paisaiak, koadro modernoak, teknika nahasiko eta testura ezberdineko margolanak... Itziar Nazabalen ikasleek 2010-2011 ikasturtean egindako lanen lagin txikia da. Altsasuarraren pena bakarra da zenbait ikaslek ezin izan dituztela haien lanak ekarri, "batzuek margolanak oparitu egiten dituztelako eta, beste batzuk jai egun hauetan kanpoan zeudelako". Hala ere, erakusketa gela kolorez bete dute. Nazabalen margo tailerra Altsasuko eta inguruko zenbait herrietako margolarien bilgune da. Altsasuko margolariak adin guztietako ikasleak ditu, haurrak, gazteak eta helduak. "Guztiak teknika nahasietara eta testura berrietara hurbiltzen saiatzen naiz". Altsasuarrak dioenez ikasleek gogoz hartzen dituzte bere proposamenak. "Haurrak beti esperimentatzeko prest daude, eta helduek teknika ezberdinak probatzeko gogo handia erakusten dute. Haien ahalegina txalotu behar da, batzuetan emaitza buruan ez badute ere urratsa ematera animatzen dira eta" azpimarratzen du. Txikitatik tailerrean dauden gazteen margolanak ere nabarmendu digu, "urteekin eskua hartu dute eta lan zoragarriak egiten dituzte". Itziar Nazabalek Iortia kultur gunera animatzen ditu sakandarrak, "herritarren margolan ederrekin gozatzeko".