Igartuaren olatua Beasainera

Guaixe 2011ko abenduaren 16a

Poesiak, musikak eta argazkiek bat eginen dute gaur, 20:00etan, Beasaingo Igartza Jauregian. Hitza Tere Irastorzak eta Itziar Gomezek jarriko dute. Azken honek bere eginen ditu joan zen urtean zendu zen Karmele Igartuaren Itsaso kontra bat liburuko poesiak. Tere Irastorzak Eta orain badakit poesia bilduma irakurriko du. Poesia errezitaldia Aitor Furundarena eta Iñaki Telleria musikariek eta Izaskun Etxeberria altsasuarraren argazkiek jantziko dute. Karmele Igartua Aretxabaletako poeta iaz hil zen gaixoaldi luze baten ondorioz. Ordurako amaituta zuen Itsaso kontra bat poema bilduma, "bizitzaren aldeko apustua". 2010ean argitaratu zuen Pamiela argitaletxeak. Tere Irastortza idazle eta Igartuaren lagun minak atondu zuen edizioa. Elkarren irakurle ziren bi idazleek atzera ere bat egin dute Eta orain badakit-Itsaso kontra bat poesia errezitaldian. Poesia errezitaldia ekainean eskaini zuten lehen aldiz Aretxabaletan. Gipuzkoako zenbait herritatik pasa ondoren, gaur Beasainen izanen dira. Idazle Eskolako kide izandako Izaskun Etxeberriak ere emanaldian parte hartuko du.